GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Surfa bizitzeko eta gozatzeko beste modu bat ere badelako

Amstel Surfilm jaialdia aurrera doa eta hainbat proposamen eskainiko ditu gaur ere. Horien artean «Idiosyncrasies» filmaren nazioarteko estreinaldia eta proiektu horren sortze prozesuan egindako argazkien erakusketa Donostiako Nocolor arte-galerian.

p041_f01_97x112.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

«Idiosyncrasies» film-dokumentala Patrick Trefz alemaniarrak egin duen azken proiektua da. Argazkilari eta zuzendari honek «Thread» proiektua estreinatu zuen orain bi urte, eta antolatzaileak lan horrekin liluratuta geratu zirela-eta, proiektu berri honen nazioarteko estreinaldia Euskal Herrian egiteko aukera eman diote Surfilm-eko antolatzaileek.

Film-dokumental honetan sei surflari eta bakoitzaren bizimodua agertzen dira. Seikote honek surfaren inguruan dauden arauak alde batera utzi dituzte eta gustatzen zaiena egiten dute nork bere moduan. Ez dute babeslerik, eta horrek askatasuna ematen die. Sei istorioen artean aita-seme baten erlazio bitxia ageri da; izan ere, semeak zaindu behar du aita, surfa baita azken honen obsesioa, eta, ondorioz, semeak esan behar dio noiz itzuli etxera.

Horrez gain, beste film batzuk ere emango dira Donostiako Antzoki Zaharrean. Alde batetik, Estatu espainoleko «Ocean Room», bertako surflariak protagonista dituena. Bestetik, «Little black wheels»; hau, Sancho Rodriguezek, jaialdiaren zuzendarietako batek, «xumea, baina oso benetakoa» dela esan du. 19.00etan, Alemaniako «Keep surfing» lana eskainiko da. Munich-eko ibai bateko surflarien bizimodua azaltzen du lanak. Eta azkenik, «Modernist Basque Surfing». Film honetako bost pertsonaiek itsasbazterrean «Godalet» euskal dantza egiten dute; eta, aldi berean, surflari talde batek dantza egiten du taula gainean Biarritzeko hondartzan.

Horretaz guztiaz gain, bularreko minbiziaren aurkako elkarte batekin elkarlanean, emakumezko surflari ezagunen soinen erakusketa ere jarri dute Donostiako Noventa Grados aretoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo