GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Berriz ere

Sartu da indarrean Abortuaren Lege berria. Egin duen ibilbidea eginda eta bertan jarri zaizkion oztopoak gaindituta, oraindik zenbait tartean baditu ere, iritsi da haurdunaldia etetea delitu barik eskubide bihurtu den eguna. Emakume guztiona, geure gorputz eta bizitzaren gainean erabakitzeko eskubidea, izan nafarra, cadiztarra edo galdakarra.

Batzuek, ordea, ezin diote emakumeon askatasuna eta burujabetasuna onartzeari eutsi, eta ederki erakusten ari dira prest daudela edozein argumentu -kontzientzia eragozpena, eskumen zapalketa- eta eskura duten edozein tresna baliatzeko, euren ideologia atzerakoi eta ultrakontserbadoreak agintzen diena lortu arte. Hor dugu Nafarroako UPNren kasua -tamalez, erreala ez balitz, surrealista samarra dirudiena-, PPk dauzkan bestelako erkidegoetakoenak ere, Elizaren etengabeko sermoi bertsu eta nekaezina ez aipatzearren, jakina. Horiek bere horretan dihardute, beste gauza batzuen artean Auzitegi Konstituzionalak lege berriaren aplikazioa behin-behinerako bertan behera utz dezan itxaropen osoarekin, datozen urteotan behin betiko epaiaren zain egon bitartean haurdunaldia eten nahi duten emakumeen egoerak berdin-berdin jarrai dezan, hau da, hainbat faktore eta arrazoiren mende, zigortuta, alegia.

Bestalde, Abortuaren Legeek ekarri ohi dituzten iskanbilak eta jira-birak ere areagotu egin dira indarrean sartu denetik. Aurretik aipaturikoek sustatutariko traba eta tranpekin ez ezik, EAEko Administrazioak ere, adibidez, ez dirudielako legea bere horretan, hau da, izan nahi duen espiritua gordeta, aplikatzeko asmo handirik duenik. Izan ere, borondatezko haurdunaldi eteteak itunpeko klinika pribatuetara bideratzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Eta lege honek zerbait bilatu badu, besteak beste, abortua zerbitzu publiko bihur dadin izan da, hain justu. Beraz, nik dakidala, behintzat, horrek ekarri beharko lukeena da zerbitzua zentro edo ospitale publiko batean bermatua izatea, bertako baliabide guztiak eskura izanda eta gastuak osasun zerbitzuak estalita. Zergetan ordaintzen dugun diru hori osasun zerbitzu publikoan bertan geratuta, eta ez klinika pribatuen eskuetan.

Baina hori da, hain zuzen, Administrazioak egiteko asmoa duena. Abortuaren kontuarekin baita, jakina baita bestela ere horrela jokatzen duela, enpresa eta enpresarien mesedetan, haien etekinak eta osasun ona zaintzeko ahalegin bizian. Krisia eragiten ari den guztiak garbi erakusten du administrazioen jarrera hori, neurriak eta erreformak eta herritarren kalterako murrizketak direla medio, eta badirudi eskubide hau bermatzerako orduan ere, emakumeon osasun ona xede nagusi eta bakar izan beharrean, ez dutela galduko dirua enpresarien eskuetan jartzeko iparra.

Horrenbestez, ikusteko dago indarrean sartu berri den legea nola garatuko den han-hemenka datozen urteotan. Arretaz behatu beharko dugu emakumeon eskubide hau teoria hutsean, paperean, geratu edo benetan praktikak hala bermatuko duen, eskubide horren babesa helburu eta ez bestelakorik. Ikusitakoak ikusita, baina, emakumeon borroka honen gailurrera iritsi ez garelakoan nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo