GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez Filosofian lizentziadunak

Kondena politiko-moralaz (I)

Aspaldi ohartu dira batzuk, ordea, kontua ez datzala ez ETA, ez GAL, ez torturak kondenatzean. Gurean, herri baten hitzaren ukazioan oinarrituta dagoen gatazka politiko bati eman behar zaio irtenbidea

Kondena politikoaren agerpena da gure herrian azken urteotan egon den gertaerarik garrantzitsuenetarikoa; bizitza politiko guztia goitik behera baldintzatu du, Euskal Herriko alderdi politiko bat bere herrian hauteskundeetatik kanpo uzteraino (EHko alderdi askoren laguntzarekin). Beraz, duen garrantziagatik, aztertu dezagun fenomeno hau bere aldaera guztietan.

Zer da kondena? Juizio moral absolutu bat. Kondenak, beraz, moral konkretu bat dauka barnean: moral kristau dogmatikoa. Max Weberrek zioen bezala, (Politika eta Zientzia lanbide, Klasikoak), moral horrek ez du politikoaren moralarekin zerikusirik. Politikoarentzat, egunero Estatuaren biolentzian murgilduta dagoenarentzat, «ésta es una política de la indignidad». Beraz, kondena hori politikoarena baino, sotana daramanaren predikuetan eta sermoietan baino ez da zilegi, erantzukizun politikorik ez duenaren ahotan, alegia.

Politikoki, kondena moralaren helburu behinena ezker abertzalea instituzioetatik kanporatzea izan da. Areago, alde bakarrerako kondenak (Estatuaren kontrako ekintza oro) disidentziaren indarkeria deslegitimatzea zuen eta du helburu, eta demokrazian parte hartzeko baldintza bihurtu dute. Politikoki, beraz, jokaldi demagogikoa da, eta hala azpimarratzen zuen 2002an alderdi sortu berri batek: «En relación a la lucha armada, Aralar ha sido y es clara en el sentido de no entrar en el juego demagógico del bloque PP-PSOE y, en ese sentido, ni se ha entrado ni se entrará en la vía de las condenas» (GARA. 2002ko uztailaren 3an). Hau da, ezker abertzalearen kontra ad hoc asmatua izan zen estrategia politikoa baino ez da. Beste ondorio bat: kondenaren jokoa hipokrita da, biolentzia disidenteak kondenatzera baino ez baitu behar- tzen, indar armatu espainolen biolentziaren izenean gainera (!).

Dena den, agintari espainolek kondenaren exijentzia egiten dutenean, zer eskatzen dute zehazki? Kondena politikoa egitea, hau da, oximoron bat (contradictio in terminis). Kondenak hilotzez eta torturatuez josita dagoen erregimenarekiko fideltasuna eskatzen du, ETA zein euskal independentismo oro kriminaltzat eta txartzat hartzeko. Hau da, edo kondenatzen dugu edo fumigatu (Iturgaiz) behar diren garrapata (Rosa Diez) edo alimaña (Ibarretxe) batzuk gara. Horregatik, hurrengo galdera garrantzitsua hau da: zer modutan ematen da kondena politikoa? Binomio anker batean. Bi erantzun posible baino ez baititu uzten: kondenatu edo ez. Horren ondorioz, ez kondenatzeak ETAren ekintzaren baten aldeko bilakatzen zaitu zuzenean, edozein adierazpen eginda ere; eta kondenatzeak, Gobernuaren exijentzia autoritarioa onartzea dakar zuzenean (indar armatuak eta instituzio antidemokratikoak legitimatzearekin batera). Posible da, ordea, bi aukeren aurrean beste hamaika egotea.

Edozein modutan, moralki, kondena politikoaren helburua indarkeria batzuk zilegitzat eta beste batzuk krimentzat hartzea da. Horrela, Estatuak eragiten duen erail edo torturatu oro ez da kondenatu behar, horretarako baitago justizia (Audientzia Nazionala, TOParen ordezkoa), erailketa edo tortura kasuak egon diren edo ez deliberatzeko. Dena den, isolatuak dira kasuok eta sistemaren gehiegikeriatxoak. Baina lehenik, zilegiak, Estatuak bere burua babesteko eginak, noski. Horrela, zilegizko biolentzia (ezkutatzen dena, Estatu terrorismoa alegia), eta «krimen hutsak» (disidentziarenak) bereizten dira. (Hor galdetu liteke, ETArenak krimen hutsak badira, zergatik demontre eskatzen da kondena politikoa egitea? Arrazoia begi bistan dago.)

Nola erantzun zaio kondena politikoaren logikari? Maiz, kondenaren logikatik bertatik egin izan da. Hau izaten baita askotan erantzuna: «Alderdi Popularrak ez du frankismoa kondenatu, PSOEk ez du GAL kondenatu, ezta torturak ere. Zergatik kondenatu besteek egiten ez badute?». Erantzun horrekin, kondena bera eta adierazpen askatasunaren urraketa legitimatzen dira, tortillari buelta baino ez baitzaio ematen (adierazpen askatasuna, zerbait esateko edo isilik egoteko askatasuna baita, bigarren hori ahazten zaigu sarri). Baina kontua ez da joko linguistiko hutsean galtzen.

Izan ere, de facto, ekintza baten aurrean kondena politikoa eta morala exijitzea kontzientziaren inbasio larri bat da. Zerbait esatera behartzea, eta kasu honetan, ekintza bat moralki kondenatzera behartzea kontzientziak biolentoki inbaditzea baita. Kontzientzian indarrez sartzea da norbaitek esan nahi ez duen zerbait esatera behartzea. «Ez dut biolentzia kondenatzen. Hautu ez biolentoa da neurea, halere, berdin da zergatik, eta biolentziarik ez dut praktikatzen. Zein Estatuk eta San Pedrok exijitu behar dit, eta demokrata baldin bada are gutxiago, neure hautu hori beste guztientzat ere zilegizko bakarra kontsideratzea. (...) Estatuari zor diodan guzti-guztia nahikoa konplitzen dut. Estatuak eta politikoek ez daukate zergatik ezer gehiago eskatu, eta gutxien-gutxiena daukate zergatik nire kontzientziaren barruan ezertarako sartu. Baina ezagun du (...): Espainia Eliza bat da, eta horko politika erlijio katoliko apostolikoa» (Azurmendi, Joxe: Euskal Herria krisian. 101-102).

Horregatik, kontuz! Kondenaren jokoan sartuz gero, hau gertatzen da: lehenengo, kondena exijitzen da; gero, biolentzia (disidente) ororen deslegitimazioa; gero, edozein indarkeria esplizituki arbuiatzea (Estatuarena izan ezik); hurrena, 50 urtetako borroka bera eta bere zergatiak baliogabetzat jotzea; eta azkenik, «konstituzioa eta estatutua (eta indar armatuak) legitimatzea» (Basagoiti) eta onartzea. Hori da herri honetan egin behar den «ibilbide demokratikoa» instituzio espainoletan parte hartzeko. Larriena da, ekintzak baino, pentsaerak direla juzgatzen direnak. Kontzientzia bera (!).

Aspaldi ohartu dira batzuk, ordea, kontua ez datzala ez ETA, ez GAL, ez torturak kondenatzean. Gurean, herri baten hitzaren ukazioan oinarrituta dagoen gatazka politiko bati eman behar zaio irtenbidea. Hain zuzen, hori ekiditeko asmatu dute kontu hau guztia. Izan dezagun argi, beraz, kondenaren exijentzia ezin onartu daitekeen kontzientziaren urraketa larria dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo