GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Atsedenik gabe

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Txirrindularientzako atseden egun honetan, bere Tour propioan atsedenik ez duen gure lagun Mikel Truebari buruz idaztea pentsatu dut. Beti entzun dut txirrindularitza gogorra dela eta Tourra jasanezina dela eta abar... baina Mikelek badaki gogorra zer den benetan. Bere aita txirrindularia izan zen eta gertutik bizi izan du kirol honen gogortasuna. Gaur egun berak Frantziakoa baino gogorragoa den Tour batean dihardu lehian: ELA (esclerosis lateral amiotrófica) du izena eta giharrak pixkanaka ahuldu eta guztiz atrofiatzera iristen direnerainoko gaixotasun progresiboa da. Mikelek, esan bezala, gurekin bat egin du tour honetarako eta bere blogean (www.gozatueuskaltel.com) «Nire Tourra» ataltxoa sortu du bere ikuspuntutik nola ikusten duen kontatzen joateko. Eta zein da ba ELAren eta txirrindularitzaren arteko erlazioa? Bada, hauxe zioen Mikelek bere blogean:

«Ez dakit, beti pentsatu izan dut nire aitak bizikleta gainean zuen indarra nik heredatu dudala. ELAn etapa asko daude, batzuk lauak, mendateekin eta beste batzuk Tourmaleta bera bezain mendate gogorrekin. Etapa hauek dira dena maldan gora jartzen dutenak eta, nahiz eta igotzaile ona izan, tontorrera inoiz iritsi ezinekoak. Orduan ikusten dituzu bide bazterrak, nire familia, nire alabatxo Anne, lagunak... Une horietan txirrindulariek legez egiten dut, haginak estutu eta kasta berezi hori atera. Sufrimenduaz eta negar malkoekin tontorrera iristen zara pentsatuz: ELA, etapa hau neuk irabazi dizut! Ikusiko dugu bihar...». Bai Mikel! Hik etapa hau irabazi duk eta gainera errenta handia atera, sailkapen nagusiaren lehian pentsatzeko modukoa. Burua tente eta beldurrik gabe animo aurrera!! Besarkada handi bat eta hirekin jarraitzen diagu!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo