GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Vuvuzela gehiegi

Zulueraz «vuvuzela» hitzak zarata egitea esan nahi omen du, eta kutsadura akustiko gogaikarria besterik ezin espero orain, Ebro azpialdetik. Futbola jolasa besterik ez balitz, gaitz erdi, baina ea orain nork ez duen defendatzen -Euskadi-Euskal Herria terminoen eztabaidarekin askok ez bezala- bere baitan naziotasuna daramala. Eta guztiak bezala, politikak zipriztinduta erabat.

Bilboko fatxa ezagunak, Basagoitik, futbitoan jolasten hanka hautsi izanak iragarpen ona zirudien. Albiste izan zen bere hanka-sartzea, baina ez guztion poltsikotik bizi den hori lan egun buruzurian jolasean zebilelako. Dena den, Mundialeko futbol partida horien itzalean, izan da beste errealitate bat gurean. Zenbat izan dira, orain, espainiartasunaren harropuzkeriaren magalean armairutik atera direnak? Eta munduko jokalaririk onenak Estatu espainolean daudenean, nola ekidin umeen miresmen hori? Zarauzko lagun batek kontatu zidan aurrekoan «mundialitoan» jolastekoak ziren bi haurren arteko eztabaida. Aurrenekoak Espainia hautatu zuen, eta bigarrenak jada ez zekien zein aukeratu, «onena» hartua baitzegoen. Aitak, ordea, Euskal Herria ere hauta zezakeela gogorarazi zion. Pentsakor jarri zen: selekzioa ba al dugu?

Baloi bat hiru zutoinen artean sartzeagatik ehun milioi jasoko dituzten horiek heroi-politiko bilakatu dituzte Madril aldean, krisi ekonomikoa mirariek gaindituko duten fededun. Ilogikoa dirudi, koherentziari bizkar emanez, baina harridura sortzekoa? Ez, zoritxarrez. Partida irabazi eta bi katalanek senyera paseatzera ateratzea bezala. Koherentea ote?

Eta koherentziaz mintzo, nahitaez albiste izan baina Mariaratzeko harrobien lur azpian isilarazi nahi izan dituzten AHTren aurkako ekintzaileak aipatu behar. Horiena bai koherentzia, ausardia eta txalotzeko jarrera. Sinesten duten borrokan euren bizitza jokoan jartzeraino. Beste batzuek bezala, baina horiek ezin dira izenez ere aipatu, errepresioaren haginkadei ihes egin nahi izanez gero. Hori soilik Rajoyk egin dezake, «ETA nazio handi bat da» esan zuenean bezala. Beste batzuei, aldiz, euren ahoetan jartzen dien «anonimoak» azaltzen zaizkie. Zarautzen esaterako. Joan naiz -Aresen txibato fin gisa- Ertzaintzaren komisaldegira, baina ez didate sinistu Carrero Blanco hil zutenean Espainian ere vuvuzelak nonahi entzuten zirela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo