GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega

Faborito guztiak izango dira Pikoketako finalean

p034_f02.jpg

Jon LEUNDA

Iragarpenak bete egin dira, eta Ormaetxea, Kanflanka, Mariñelarena eta Etxeberria arituko dira datorren igandean, Oiartzunen, Pikoketan, jokatuko den Euskal Herriko segalarien finalean.

Lau kirolari neurtu ziren herenegun arratsaldean Aizarnan jokatu ziren bi kanporaketetan. Bakoitzean hiruna segalari aritu ziren, eta bi saioetako azken sailkatuak geratzen ziren finaletik at. Kirolari bakoitzak ordu erdia izan zuen lanerako.

Lehen multzoan, Ormaetxea, Mariñelarena eta Intxaurbe lehiatu ziren. Ormaetxea zen irabazteko faboritoa, eta berarekin batera Mariñelarena zen finalean izateko beste faboritoa.

Iragarpenek ez zuten hutsik egin, biek lortu baitzuten datorren igandeko saioan izateko txartela, eta Ormaetxeak lortu zuen garaipena. Orendaingoa sailetan ere aurretik ibili zen, baina era tradizionaleko segalaritzan askotan sailetan zein den aurretik edo atzetik ez da erabakigarria izaten, hor kiloek balio baitute. Aizarnan ez zen ezusterik izan, gipuzkoarrak irabazi baitzuen. Ormaetxeak 1.142,5 kilo belar moztu zuen ordu erdian. Bigarren, Mariñelarena sailkatu zen 1.000 kilo moztuta. Hirugarren eta azken, Intxaurbe sailkatu zen 880,5 kilorekin.

Bigarren multzoko iragarpen guztiak ere bete egin ziren. Kanflanka eta Etxeberria ziren faboritoak, eta biek lortu zuten finalerako txartela. Lehenengoa zen, gainera, multzoko onena izateko faboritoa, eta horrelaxe suertatu zen. Kanflanka sailetan beti aurretik aritu zen, baina kiloak dira azkenean balio dutenak, eta hor ere leitzarra nagusi izan zen. Ordu erdian 1.048 kilo moztu zuen. Bigarren, Etxeberria sailkatu zen 975 belar kilo moztuta. Eta azken postuan, berriz, Atxa 753 kilorekin.

Besteak

Herri kirolak, gainera, emaitza ugari utzi ditu asteburuan. Harri-zulatzen, Euskal Herriko Ligako seigarren jardunaldia jokatu zen Barakaldon, eta berriro ere Txorierri gailendu zen Burdin Gazteak taldearen aurretik. Emaitza horren ostean, Txorierrik indartu egin du lehenengo postua, eta horrela Liga irabaztetik gero eta gertuago daude.

Timber Sport-en, aizkora, trontza eta motozerra uztartzen dituen kirol gogor horretan, euskal ordezkariak Espainian izan dira lehian, eta emaitza ezin hobeak lortu dituzte, lehen lau postuetan lau euskaldun izan baitira. Patxi Mindegia gailendu zen. Bigarren, Donato Larretxea sailkatu zen, Patxi Larretxea hirugarren eta Daniel Vicente, berriz, laugarren.

Gaurko ere bada herri kirol saiorik, izan ere, Iruñeko jaialdiek aurrera jarraitzen dute, eta gaur saio erakargarriak izango dira, 12.00etatik aurrera Foruen Plazan.

Aizkoran Juanjo Lopez eta Miel Mindegia neurtuko dira kanako enbor bat mozten. Maika Ariztegi eta Izaskun Ariztegi aizkolariak ere arituko dira. Erakustaldi gehiago ere izango dira.