GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osakidetzak eta Barne Sailak «beltzune» izaten jarraitzen dutela berretsi du Behatokiak

Hizkuntz eskubideen urraketen inguruko kezka agertu zion atzo Behatokiak EAEko Arartekoari. Hizkuntza bermatzeko mekanismoetan inolako aldaketarik ez dela egin gogorarazi eta beste urte batez antzeko zioak dituzten kexak bideratu behar izan dituztela salatu zuten.

p011_f02_199x116.jpg

GARA

Hizkuntza-eskubideen urraketen inguruko kezka agertu zion atzo Behatokiak EAEko Arartekoari. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioei dagokienez, Osakidetzak eta Lakuako Barne Sailak jasotzen dute kexa kopuru handiena.

Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria, urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, EAEko Ararteko Iñigo Lamarcarekin bildu zen atzo Gasteizko egoitzan. «Behatokiak argitaratzen duen urteko txostena herritarrek helarazitako bizipenen bidez osatutako hizkuntza-eskubideen egoeraren benetako erradiografia dela kontuan harturik, eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek ere aintzat hartu behar dutelakoan gaude», azaldu zuen Petriatik.

2009. urteari erreparatuz gero, euskal hiztunek, euskaraz normaltasunez aritzeko duten eskubidea erabili nahi izan zutenean trabak nonahi aurkitu zituztela jasotzen du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurtengo maiatzean komunikabideei aurkezturiko txostenak.

Orotara, 1.415 kasu jaso zituen iaz, 2008an baino 137 gehiago. Horien artean, 1.287 kexak izan ziren, eta 50 zoriontzeak. Datu horiek ikusita, «eskubide bermatzaile izan beharko luketen instituzioetan hizkuntza politiketan 180 graduko aldaketa» behar dela nabarmendu zuen Behatokiak 2009ko txostenaren aurkezpenean.

Zentzu horretan, atzo Petriatik Arartekoaren egoitzan gogorarazi zuenez, iaz inoiz baino kexa gehiago bideratu zuen Behatokiak. «Hori Euskararen Telefonoa zerbitzuaren eraginkortasuna agerian jartzeko datua» bada ere, Behatokiko ordezkariak ondorengoa adierazi zuen: «Hizkuntza eskubideen egoerari dagokionez, pozteko elementurik ez dagoela islatzen du».

«Ez da aldaketarik gertatu»

«Ez da inolako aldaketarik gertatu hizkuntza eskubideak bermatzeko mekanismoetan», ohartarazi zuen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik. Gainera, defentsa gabeziaren aurrean neurri eraginkorrik ez dela hartu gaineratu zuen.

Beraz, beste urte batez, «antzeko zioak zituzten kexak» bideratu behar izan dituztela gogor kritikatu zuen Petriatik. Era berean, horien konponbideari begira, antzeko erantzunak jaso dituztela azaldu zuen zuzendariak.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak berretsi zuenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioei dagokienez, Osakidetzak eta Lakuako Barne Sailak «beltzune» izaten jarraitu zuten 2009an.

Behatokiko zuzendariaren ustetan, «Osakidetzako lan deialdietan zirrikituak baliatu izan dira euskararen derrigorrezko ezagutza zuten lanpostuetan gaitasuna egiaztatua ez zuten langileei sarbidea emateko». «Halaber, euskararen ezagutza gutxiago baloratuko dela adierazi izan dute», gaineratu zuen. Alde horretatik, Garbiñe Petriatik hurrengo adierazpena egin zuen: «Herritar euskaldunok ez ei dugu merezi osasun-asistentzia duina».

Bestalde, Rodolfo Aresek zuzentzen duen Lakuako Barne Sailari dagokionez, igorritako kexetan herritarrekiko «errespetu falta, zabarkeria eta abarren berri» helarazi zaie.

«Gainera, Ertzaintzan euskara normalizatzeko dekretua 2008an iraungi zen». Hala ere, 2009a amaitu da eta dekretu berririk ez dutela indarrean jarri kritikatu zuen Behatokiko zuzendariak. Hori «euskaldunekiko duten jarreraren seinale» dela gaineratu zuen Petriatik.

«180 graduko aldaketa»

Egoera hori iraultzeko eskubideen bermatzaile beharko luketen «instituzioek 180 graduko aldaketa eman beharko liekete egungo hizkuntza politikei». Euskal hiztunari ukatu egiten zaio berezko hizkuntza erabiltzea, ondorioz, «euskaldunon eskubideen bermerako politikan ezinbestekoa da inflexio-puntua», berretsi zuen Petriatik.

«Euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak eremu guztietan ikusgarri egin behar direla uste dugu», amaitu zuen.

iaz, kexa gehien

2009an inoiz baino kexa gehiago bideratu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, 2008an baino 137 gehiago. «Hizkuntza eskubideen egoerari dagokionez, pozteko elementurik ez» dagoela islatzen du Behatokiaren iritziz.

errespetu falta

Osakidetzak eta Lakuako Barne Sailak «beltzune» izaten jarraitzen dutela berretsi du Behatokiak. «Herritarrekiko errespetu falta edota zabarkeria» gailendu dira igorritako kexetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo