GARA > Idatzia > Euskal Herria

Motorrak berotuta iritsi dira mutrikuarrak Malen jaietara

Hastear dira Malen jaiak, eta hasi ere gogoz hasiko dituzte Mutrikun. Larunbatean bazegoen jai giroa, baita hainbat ekitaldi ere motorrak berotzen hasteko. Gaur hasiko dituzte, ordea, benetako jaiak; batzuek, eguerdiko poteoarekin, eta besteek, arratsaldeko erraldoi eta buruhandien kalejirarekin. Hala ere, denak elkartuko dira gaueko danborrada jendetsuan.

p021_f02_123x132.jpg

GARA

Malen bezpera da gaurkoa. Egun desiratua Mutrikun, gaurtik hasi eta datorren igandea bitartean jai giroak gainezka egingo baitu Mutrikuko kale aldapatsuetan, baina esaera zaharrak esaten duen bezala, gogoko tokian, aldaparik ez. Jai gosea asetzeko hamaika modu non topatu egongo da kostaldeko herrian, fanfarre, musika kontzertu, danborrada eta pailazo emanaldiek ez baitute hutsik egingo egun hauetarako prestatutako egitarauan.

Haatik, Malen jaiak hurreratuz joan diren heinean, jai giroa herrian barrena zabalduz joan da. Larunbatean adibidez, Mutrikura inguratu zirenek goi mailako waterpolo txapelketa ikusteko aukera izan zuten. Esklerosiaren aldeko «Busti zaitez» kanpainaren barruan antolatutako kirol txapelketa horretan hamar taldek parte hartu zuten.

Kirola musikarekin uztartu zen larunbatean eta Madalen abesbatzaren eta Debabarreneko akordeoilarien XVI. emanaldiaz gozatu zuten mutrikuarrek gauean.

Zizka-mizka horien ostean, iritsi da horrenbeste desiratutako eguna, eta Malen bezpera izanik, bereziki giro ederra dastatzeko parada egongo da gaur itsasertzeko herrixka honetan. Etxeko txikiak izan ditu gogoan Udalak, eta eurentzat arituko dira kalejiran erraldoi eta buruhandiak, txistularien laguntzarekin.

Eguneko hitzordu handia, ordea, 23.00etan izango da. Ordu horretan, Mandazketa elkarteaak danbor hotsak zabalduko ditu Mutrikuko kaleetan, baita bat edo beste saltoka jarri ere. Salto eta dantzek segida izango dute, gainera, Txurruka plazan Gaubela taldeak eskainiko duen kontzertuan.

Biharkoa da mutrikuarren egun handia, Malen eguna, eta egitarau oparoa prest dute egun horretarako. Ohiturak agintzen duen moduan eskupilotak eta sokamuturrak ez dute hutsik egingo, ezta udal musika bandaren kontzertuak ere. Etxeko txikiek haur parkea aurkituko dute bihar eliza atzean, eta Ukelele pailazoa, arratsaldean, Zabiel plazan.

Gainera, Mutrikuko Herri Kirol Taldeak ohi bezala bere urteko jaialdia antolatuko du Malen egunean.

Jaiak amorruz espero dituzten horiek lasai egon daitezke, goizaldera arteko festa izango baita bihar. Izan ere, iluntzean, gustu guztiak asetzeko moduko kontzertuak izango dira. Mutrikuko Rock Kolektiboaren eskutik, Krilin eta Hira taldeek joko dute Beheko plazako agertoki gainean, eta Txurruka plazan aldiz, trikiti doinuak izango dira, Gose taldearen kontzertuan.

Askoren gorputzek nahiago luketen arren, jaiak ez dira egun handi horrekin amaitzen, eta gainerakoetan ere egitarau oparoa izango da. Ostiralean, esate baterako, txikien algara eta irriak nagusituko dira Mutrikuko Malen Txiki Egunean. Goiztiarrenek 11.00etarako prest izango dute haur parkea, eta erraldoi eta buruhandiak ere han barrena ibiliko dira, korrikaldi ugari eginaraziz.

Larunbatean, Koadrila Eguna

Hainbeste entsegu egin ondoren 20.00etan izango dute hitzordu handia, eta umeek gogoz eragingo diote danborrei haur danborradan.

Larunbatarekin batera iritsiko dira hain jendetsua izaten den Koadrila Eguneko jokoak zein bazkaria. Eguerdian futbitoa zezenarekin izango da, Txurruka plazan, 12.30etik aurrera. Sariak ere politak izango dira. Koadrilen bazkaria Miruaitz frontoian egingo dute, 14.30ean.

Igandean, Santixo egunean, herriko Arte Eskolak antolatutako margo lehiaketa izango da, eta eguerdi partean, berriz, sagardoa dastatzeko eta txerri errea jateko aukera.

Jaiak hasi eta astebetera emango diete bukaera ofiziala, eta Mariachi Real Jaliscok ekarriko dituen mexikar doinuekin agur esango diete mutrikuarrek aurtengo Malen jaiei.

gose

Trikitixa garai berrietara egokitu duen Arrasateko hirukoak alaituko ditu mutrikuarrak biharko gauean; Txurruka plazan izango da hitzordua, 23.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo