Gaur arratsaldean hasiko dira Irurtzunen uztaileko festa nagusiak
Gaur arratsaldean udaletxeko balkoitik txupinazoa bota eta hemendik bost egunetara jaiak amaitu artean umore onak jantziko du Irurtzun. Dantzaldiak eta musika izango dira nagusi lehendabiziko egun honetan. Horretaz gain, herritarrek elkarrekin gauza ugari egiteko aukera ere izango dute plazan egingo dituzten herri bazkari eta afarian. Bestalde, Irurtzungo jaietako kartel lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa irekiko dute.
Nagore BELASTEGI
Gaur arratsaldean hasiko dira Irurtzungo jai nagusiak eta horiekin batera aisialdirako eta poztasunerako bost egun izango dituzte aurretik herritarrek eta bertara gerturatzen diren guztiek.
Martxoan, aurtengo jaien ospakizun data aldatzea erabaki zuten bozketa baten bidez. Orain arte uztailaren azken-aurreko asteburuan hasi -ostiralean, hain justu- eta hurrengo asteazkenera arte ospatzen zituz- ten. Aurten, galdeketaren ondoren, asteazkenetik igandera ospatzea erabaki dute herritarrek eta, hortaz, hemendik aurrera egutegi horri jarraituko diote. Hartara, lehen zituzten sei jai egunak bost izango dira aurrerantzean.
Data aldaketa gorabehera, jaiek betiko izaera izango dute, eta ekitaldi andana izango da, adin guztietako irurtzundarrek primeran pasatzeko. Joan den larunbatean jada jaiak nolakoak izango diren ikusi ahal izan zuten herritarrek, Maskarada taldeak eskainitako ikuskizunak utzitako arrastoari esker. Hala ere, jaiak gaur hasiko direnez, ziur denak antolatuta dauden ekitaldi guztietan parte hartzeko irrikitan daudela.
Ekitaldi nagusietako bat izango dute 15.00etan; herri bazkaria egingo dute herriko plazan irurtzundar guztiek batera, arazoak ahaztu eta umore onari tartea egiteko. Jarraian, bostetan, aurtengo jaietako kartel lehiaketan parte hartu duten lan guztien erakusketa irekiko dute udaletxeko udalbatza aretoan. Parte hartzaileak bi taldetan banatu zirenez, 14 urtetik beherakoak eta gorakoak, bi sari eman ditu udaletxeak. Haur irabazleak 150 euro eraman ditu etxera, eta helduak, berriz, 400.
Ordu erdi beranduago, 17.30-ean, iaz jaiotako haur guztiei jaietako zapia eta «Aintzi eta erraldoien magia» ipuina oparituko dizkiete, urtero egiten duten bezala. 18.00etan azkenean jaien hasieraren berri emango duen txupinazoa botatzeko ordua izango da. Udaletxetik botako dute, eta gero kalejira egingo dute erraldoi eta buruhandien konpartsarekin. Kalejira batean ezinbestekoa da musika, beraz, gaiteroek, txistulariek eta Los Incansables txarangak beraien doinuak eskainiko dituzte, Orritz dantza taldeak emanaldia egiten duen bitartean. 19.15ean herri dantzekin jarraituko du taldeak, eta 20.00etan larrain-dantza egingo dute, herritarrek lagunduta.
Gaueko giroa ere polita izango da eta azken orduko ekitaldiek ere egun osoko mailari eutsiko diote. 20.30ean Los Incan- sables txarangak dantzaldia eskainiko du, 22.15ean zezensuzkoa atera arte. Buruhandiak ere aterako dira zezensuzkoarekin batera, eta kultur etxetik abiatu ondoren Gernikako parkera joango dira denak batera, haurrak eta helduak izutzera.
22.30ean afari herrikoia egingo dute plazan irurtzundarrek, egun osoan etxean sartu-irtenik egin ez, eta gauean ere beharrik ez izateko. Horren ondotik, Alaiki taldeak dantzaldia eskainiko du gauerdian hasita, eta goizaldeko laurak arte arituko dira musika jotzen.
Bihar, egun indartsua
Bihar haurrek gogoko dituzten ekitaldiak izango dituzte goizetik hasita. 12.00etatik 14.00etara haur parkea egongo da, eta arratsaldean ere 17.00etatik 19.30era berriro irekiko dute. Bertan mota desberdineko puzgarriak, ludoteka eta bestelako jokoak izango dituzte txikienek nahi adina jolas egiteko.
Horretaz gain, Egan taldeak bi emanaldi eskainiko ditu egunean zehar. Lehena, iluntzeko zortzietan hasiko da, haurrek taldearen abestirik famatuenak kanta ditzaten.
Bigarrena, ostera, gauerdian hasi eta goizaldeko 2.30era luzatuko da, baina orduan helduek ere dantzatzeko moduko musika joko dute eta, ohi bezala, beraien dantzetan parte hartzera gonbidatuko dituzte denak.
Herri bazkaria 15.00etan izango da plazan eta afaria, berriz, 22.30ean. Egunean zehar, janaria jaisteko, Los Incansables txarangak eta Alaiki taldeak dantzaldiak eskainiko dituzte.
Iaz jaiotako haur txikiek opari berezia jasoko dute 17.30ean. Urtero bezala, jaietako zapia emango diete, baita «Aintzi eta Erraldoien magia» liburua ere, etxera eraman dezaten.