GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Dena aldrebes

Hasierako kilometroetan sekulako erritmoa izan du lasterketak, faborito asko larri ibili direlarik. Baina etapa aurrera joan ahala, lasaitasuna itzuli da tropelera.

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Etapa kuriosoa izan da Pauen amaitutakoa. Dena aldrebeseko erara joan dela esango nuke. Normalean, etapa hasiera lasaia izaten da, faboritoen artean behintzat zalaparta askorik gabekoa, eta amaieran izaten dira mendate gogorrak eta kontuan hartzeko erasoak.

Kasu honetan, ordea, dena aldrebeseko erara gertatu da. Hasierako kilometroetan sekulako erritmoa izan du lasterketak, faborito asko ikusi ditugu hasieratik aurrera jo nahian eta, ondorioz, beste asko larri ibili dira jardunaldiko lehen mendateetan talde nagusiari eusteko lan horretan, Samuel Sanchez bera, esaterako.

Baina kilometroak aurrera joan ahala, faboritoen arteko sua itzaltzen joan da apurka-apurka, eta azken kilometroetan lasaitasuna izan da nagusi. Ihesaldian sartutako gizonen artean etapa irabazteko lehia bizia izan da -berriz ikusi dugu gehien merezi duenak, Barredok kasu honetan, normalean ez duela garaipenik lortzen-, baina talde nagusiko txirrindularien artean patxada handia ikusi dugu.

Badirudi garai bateko txirrindularitza estiloa itzultzen ari dela. Ez dela zertan azken unera arte itxaron beharrik erasoak jotzeko, eta liderraren taldeak ez duela halabeharrez etaparen gidoia goitik behera idatzi behar. Badagoela gauzak beste era batera egiteko aukera.

Eta etapa aldrebesa suertatu bada, nire egoera ere nahikoa aldrebesa dela aitortu behar. Frantziako errepideetan jo eta ke lasterketa lehiatzen egon beharrean, ETBko egoitzan egon naiz etapa telebistaz ikusi eta bertako gertaerei buruz hitz egiten. Ba bai, niri ere nahikoa arraroa eta aldrebesa egin zait hamaseigarren etapa.

Ikusgarria izan da, bestalde, Tourmaleteko errepide bazterretan horrenbeste euskaldun ikustea. Nire lagun asko hara joanak dira eta ongitxo dakit zer arazo izan dituzten Tourmalet gora igo ahal izateko. Bada arazo horiei guztiei aurre eginda, milaka zale txirrindulariei animoak emateko prest izan dira. Horregatik, ostegunekoa ikustekoa izango da. Nik badaukat gogoa, eta zuek?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo