GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Bizkaiko eta Gipuzkoako Traineru Txapelketak

Bestelako irudia erakuts dezaketen lehiak

Lekeitio eta Donostia izango dira gaur arratsaldean arraunaren erdigune nagusi. Kaiku eta Urdaibai nor baino nor ikusteko aukera aparta izango da.

p039_f01.jpg

Nerea CABRERA

Lekeitio lekuko harturik, 19.00etatik aurrera Bizkaiko Traineru Txapelketa ospatuko da gaur. Donostian, berriz, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da 18.30ean hasita. Ligak inposatzen dituen etxeko arraunlarien kupoak ahaztuta, egoera berria marraztu dezaketen bi estropada izango dira.

Bizkaiko kostaldean izango da, ziur asko, aldaketa nabariena. Kaikuk eta Urdaibaik nahi bezalako tripulazioa aterako dute gaur, fitxaketa guztiak tostetan dituztela, eta beren benetako maila eman dezakete. Beraz, tituluaz gain, tripulazio berriak probatzeko aukera ezin hobea izango da Euskadiko eta Espainiako txapelketei begira, baita Kontxako Banderara begira ere.

Kaiku, hobetu beharrean

Gaurko estropadak 5.556 metroko tartea izango du, ohi bezala, eta traineruek lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte. Lekeitioko uretan hiru txandatan banatuko dira ontziak: lehenengoan, Portugalete, Ondarroa, Mundaka eta Lutxana; bigarrenean, Zierbena, Deustu, Arkote eta Getxo; eta azkenekoan, Urdaibai, Kaiku, Santurtzi eta Isuntza. Kaiku izan zen iaz garaipena eraman zuen trainerua, eta aurten irabazteko grina izango dute, Jose Luis Kortaren gizonek denboraldi hasiera oso kaskarra egin baitute San Miguel Ligan.

Gipuzkoako txapelketari dagokionez, emakumezkoen zein gizonezkoen estropadak egingo dituzte. Emakumezkoetan bi txandatan banatuko dituzte bost ontziak: lehenengoan, Orio eta Hondarribia arituko dira; eta bigarrenean, Getaria-Tolosa, Zumaia eta Pasai Donibane. Gizonezkoen artean, berriz, hiru txanda izango dira: lehenengoan, Getaria, Hibaika eta Trintxerpe; bigarrenean, Zumaia, Zarautz eta Donostiarra; eta azkenengoan, Orio, Pasai Donibane, Hondarribia eta San Pedro. Aurreko urtean, emakumezkoen artean Getaria-Tolosa izan zen lehen postuan gelditu zen trainerua. Gizonezkoen artean aldiz, San Pedro izan zen denetan azkarrena.

Gaurko bi estropadak argigarriak izango dira oso aurki jokatuko diren Euskadiko eta Espainiako Txapelketei begira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo