GARA > Idatzia > Ekonomia

Langabezia sariak murritz litzake Zapaterok 2011n

GARA

2011. urterako aurrekontuetan Gobernu espainolak langabeei bideraturiko laguntzak murritz litzakeela uste dutela adierazi zuten atzo UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusi Candido Mendezek eta Ignacio Fernandez Toxok, Santanderren elkarrekin buruturiko batzarrean.

Hain zuzen, 17.500 milioi eurotan murriztu behar du Gobernu espainolak hurrengo urteko aurrekontua. Gobernuko arduradunek murrizketa hori nola gorpuztuko duten oraindik zehaztu ez badute ere, bi sindikatuon iritziz, langabezia sariei dagokien gastua murriztuz egingo dute.

Alde horretatik, Toxok murrizketa horien atzetik gehiago etor daitezkeen galdetu zuen, eta hezkuntza edo osasungintza alorrei eragingo lieketen.

Oro har, UGT eta CCOOren esanetan, Gobernuak inposatu dituen neurriek krisitik ateratzea zailduko dute eta langabezia tasa handituko dute. Era berean, datorren urtean murrizketa gehiago ezartzen badituzte, arazoa larriagotu egingo dela uste dute. Hala, alternatiba gisa, diru-sarreren inguruko erreforma defendatzen dutela baieztatu zuten.

Erabakiak zuzendu

Bi sindikatuok datorren irailaren 29rako Estatu espainolean deitu duten greba orokorraren ondoren, Gobernuak hartu dituen erabakiak zuzendu beharko dituela esan zuten ziurtasunez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo