GARA > Idatzia > Ekonomia

Zarautzen hildako langilearen heriotza salatuko du LABek

GARA |

LAB sindikatuak Zarautzen lan istripuan hildako langilearen heriotza salatzeko mobilizazioa antolatu du datorren ostiralerako. M.A.D.G. 19 urteko langile portugaldarra Mollarriko kargalekuan egiten ari diren lanetan hil zela azaldu zuen atzo sindikatuak prentsa ohar baten bidez, hain zuzen, Ingurumen Ministerio espainolak sustatutako obra batean.

Hildako langilearen familia, lagun eta lankideei dolumina eta elkartasuna adierazi nahi izan zien sindikatuak. Horrekin batera, gaur, 11.00etan, Zarauzko udaletxeko plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuen.

2010. urtea hasi denetik, gutxienez 43 langile hil dira Euskal Herrian euren lanpostuetan. Zentzu horretan, «langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan hiltzeko», kritikatu zuen LABek. Lan istripuak bizitzako gertaera arruntak ez direla nabarmendu eta «langile bat hiltzea» ez dela «lanaren ezaugarri» bat gogoratu zuen. Aitzitik, «lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza» direla berretsi zuen.

Hildako gaztea gainera eraikuntza alorrean lanean ari zela nabarmendu zuen, eta sektore horretan nagusi diren «prekarietateak, lan baldintza txarrek eta lan erritmoak» hil egiten dutela baieztatu zuen.

Aldaketa bultzatu

Hala, laneko gaixotasunekin nahiz lan istripuekin amaitzeko, langileek eredu aldaketa bultzatu behar dutela defendatzen du LABek, «gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin, aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz».

Izan ere, sindikatu abertzalearen arabera, aldaketa hori ez da «Gasteiztik, Iruńetik edo Baionatik» etorriko eta patronalak eta legeek ere «ez digute ezer oparituko». «Aldaketa langileok ekarriko dugu, lantoki, herri eta auzo bakoitzean hartzen ditugun konpromisoen ondorioz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo