Okupazioa leuntzeko data jarrita urrats taktikoa ematen dute AEBek, baina aurrerapausorik ez
Afganistango okupazioa hasi zenetik bertako egoerak okerrera egin du. Honetaz gain, nazioartean, eta batez ere okupazioan parte hartzen ari diren herrialdeetako iritzi publikoan, gero eta pertsona gehiagok ikusten du okupazioa begi txarrez. Eta, okerrago dena, etekinik ez diote ikusten. Horrek guztiak, baita termino militar hutsetan indar okupatzaileak izaten ari diren galerek ere, nazioarteko komunitatearen agintariak irtenbide-plana osatzera behartu ditu. Irakekin egin zuten bezala, bertako gatazkaren egoera leunduz, inguruko herrialdeak kontrolatuz eta dirua emanez tropen irteera justifika dezaketela uste dute NATOko agintariek, guda galdu arren. Zentzu horretan, Kabulen egindako Konferentzian, lau urte barru segurtasuna afganiar indar armatuen esku geratuko dela eta diru laguntzaren zati handiena Karzairen Gobernuak kudeatuko duela baieztatu zuen Clintonek. Erresistentziak nazioarteko ordezkariak tiroka hartu zituela kontuan hartuz eta Gobernuaren baitan ustelkeria erabatekoa dela ikusita, nekez pentsa daiteke irtenbide-plan honek aurrera egin dezakeenik. Gehienez ere, irtenbidea baino ihesaldia prestatzen ari direla esan daiteke.