GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren aurkako 25. akanpada egingo dute Antzuolan uztaileko azken astean

GARA | DONOSTIA

Abiadura handiko trenaren aurkako 25. akanpada egingo dute uztailaren 26tik abuztuaren 1era AHTren Aurkako Asanbladak antolatuta. Aurtengoan Antzuolan egingo da, tren lasterraz gain, egungo gizarte kapitalista aztergai izango duen topaketa. Aste osoan hainbat jarduera egingo dituzte, eztabaidak, tailerrak, protesta eta informazio ekintzak, musika eta antzerki ikuskizunak, besteak beste. Bestalde, uztailaren 31n, larunbata, Bergaratik AHTren obretara manifestazioa egingo dute, eta herri honetan orain gutxi hasi dituzten obrak bertatik bertara ikusiko dituzte.

Atzo bertan aurkeztu zuten AHTren Aurkako Asanbladako kideek topaketa prentsaren aurrean. «Garai gogorrak datozkigu, hausnarketa kritikorik sustatu ezean, are gogorragoak izango direnak. Pairatzen ari garen ingurumen, gizarte eta ekonomia arloko krisiaren aurrean zerbait egin beharra dago», azaldu zuten. AHTk euskal gizartean aurkari «indartsuak» eta «iraunkorrak» dituela uste dute, baina Gobernu espainolak eta Lakuak «indar-probaren» eta «inposaketen» hautua egin dutela ere esan dute; «edozein erresistentzia zibil eta oposizio saiakera kriminalizatuz». Gogoan izan zuten urtarrilean Hendaia eta Irun lotu zituen manifestazio jendetsua edo Zornotzan zein Itsasondon egindako erresistentzia ekintzak.

Nolanahi ere, oraindik AHT eta tankera horretako azpiegitura lan handiak gelditu eta hausnarketa gizarteratu beharra dagoela nabarmendu zuten. Izan ere, prentsaurrekoan salatu zutenez, gobernuek «azpiegitura erraldoi hauetan diru publikoa inbertitzea irtenbidea dela sinetsarazi nahi digute, baina bistan da proiektu txikitzaileen ugalketa krisiaren kausetariko bat dela». Gauzak horrela, tren azkarraren aurkako borrokan ikuspegi eta sentsibilitate «antidesarrollista» landuz, autoantolamendua bultzatuz eta kontzientziazio, mobilizazio eta desobedientzia ekintzak eginez «indarrak batzen» jarraituko dutela argitu zuten.

Topaketa, Antzuolan

Uztailaren 26an emango diote hasiera, beraz, Antzuolan AHTren aurkako 25. akanpadari. Iluntzeko zortzietan egingo dute harrera ekitaldia, luncha eta trikipoteoarekin. Hortik aurrera, igandera arte tailer, hitzaldi eta erakustaldiz beteriko egitaraua izango dute. Tartean Angiozar eta Bergara inguruko obren gaineko martxa informatiboa egingo dute, autoaren «inbasioaren» gaineko ibilaldi didaktikoa, nekazaritza ekologikoan aritzen diren bi baserrietara bisita, «Desarrollismoaren aurkako diskurtsoa eta krisia» mahai-ingurua edo gisako proiektuen aurkako borrokan aritzen direnen hitzaldia, besteak beste. Webgunean dituzte izen-ematearen eta egitarauaren xehetasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo