GARA > Idatzia > Kultura

Aiestaran: «Literaturak eta arteak atera dute argitara gerrek eragindako sufrimendua»

p043_f01_973x921.jpg

O.L. | DONOSTIA

XX. mendea gerratez eta bonbardaketa ugari izandako mendea dela zioen Ignazio Aiestaranek idazleak atzo. Gai hori oinarri hartuta, «Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik» lana kaleratu berri du Elkarrek Imanol Jaka literatura bekari esker. Autoreak berak esan zuenez, galdera bat erantzun nahian egin du: «Zer ikasi dugu XX. mendeaz?», eta gaur egungo egoera ikusita «ezer gutxi» izan dela gaineratu zuen: «Hori agerian dago».

Liburua egiteko dokumentazio lan mardula egin du lehendabizi iruindarrak, «lan sakona eta gogorra», urte batzuez luzatu dena. Prozesu honetan ikasi duen guztiagatik «liluratuta» azaldu zen, baina aldi berean «neketsua eta luzea» suertatu zaiola onartu zuen.

Datuak bildu bitartean hainbat gauzaz ohartu da Aiestaran. Batetik, historialariek gerrez hitz egitean sufrimenduaren alde garrantzitsu bat zokoratu ohi dutela eta, hain zuzen ere, gertaeren alderdi ezkutu hori azalera ateratzeko literatura eta artea izan direla tresna garrantzitsuak. «Propaganda belikoek sufrimendua isilarazten zutenean olerkari eta artistek berreskuratzen zituzten hiritarren oinazeak. Hain justu, liburu honetan beraien hitzok garaiko zentsura biluzten eta salatzen dute».

Ohartu da, halaber, gertaera beraren inguruan ez dagoela bertsio bakarra, eta ondorioz datu eta dokumentu asko bildu eta alderatu behar izan ditu.

«Esne beltza eta nazismoaren adiskideok I» jarri dio eleberriari azpititulu, gerretan oinarrituta etorkizunean egingo duen trilogia baten lehen urratsa «izan baitaiteke honako alea». Hurrengoa eugenesiaz eta kontzentrazioa esparruen ingurukoa izango da, eta «agian» kulturaz mintzatuko da hirugarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo