GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mendexan ertzainek eraso ziotela eta atxilotu zutela salatu du errenteriar batek

Oihana LLORENTE | DONOSTIA

Joseba Leizeaga errenteriarrak asteartean Mendexako hondartza ondoan zegoela ertzainek jo, zauriak eragin eta Ondarroako komisariara atxilotuta eraman zutela salatu du. GARAri azaldutakoaren arabera, aske gelditu eta berehala Gernikako epaitegian ertzain horietako bati salaketa jarri dio.

Kolpeen ondorioz, ezkerreko eskuko lau hatz oraindik ez dituela sentitzen eta saihets bat «ukitua» daukala adierazi du Leizeagak. Era berean, ertzainek lurrean ahoz behera botata eduki zutelako matraila, kopeta eta belauna urratua duela ere salatu du.

Astearte arratsaldean, 19.30ak aldera, Karraspio hondartzako aparkalekuan bere autoan musika entzuten zegoela bi ertzain gerturatu eta identifikatzeko eskatu zioten. Leizeagak ordea, arrazoia galdetu eta bere eskubideak zeintzuk ziren itaundu zien haiei. Autotik atera ondoren, bi ertzainak bera heltzen eta lurrera botatzen ahalegindu zirela dio Errenteriako bizilagunak, eta hori ekiditen saiatu zela ere aitortu du.

Ertzainetako batek borra atera eta lepotik hartuta lurrera bota zuela salatu du Leizeagak, baina behin lurrean egonda ere, «mina eragiten jarraitu» zutela dio. Izan ere, borrarekin ordu laurdenez eskumuturra zapaltzen aritu omen zen ertzaina, «zapaldu, baina gogoz gainera, nik uste nuen eskua moztuko zidatela», Leizeagak dioenez, eta orain ezker eskuko hatz txikia baino ez duela sentitzen azaldu du.

Inguruan jendea biltzen ari zela ikusi zuen Leizeagak, «umeak eta edadetuak harrituak ziren han gertatzen ari zenarekin», azaldu du. Ordu erdi inguruan aparkalekuan egon ondoren, eskuburdinak jarri eta autoan sartu zuten, baina bidean ertzainak aldatu egin zirela dio eta bera atxilotu zutenak bi zaplazteko emanda agurtu zela. Tartean kalez jantzitako poliziak ere bazirela eta horiek mehatxu egin ziotela gaineratu du.

Gaua Ertzaintzak Ondarroan duen komisarian igaro zuen eta asteazken goizean pasa zen Gernikako epaitegitik «desobedientzia, desordena publikoa eta autoritateari atentatua egitea» egotzita. Aske gelditu eta salaketa jarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo