GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Madalen eguna

Kazetari alemanak ere Izaro uhartearen inguruan izaten den ospakizunean txundituta

Goizeko hamar eta erdiak, eta Santa Eufemia eliza jendez betetzen hasia da. Bermeotarrak, batzuk mahoiz jantzita, eta beste batzuk jaietako zapiarekin besterik ez. Denek lekua hartu nahi dute hamaiketako mezan. Badakite berandu helduz gero, zutik egon beharko dutela. Bestalde, auzotar batzuk larrituta daude, eguna giro hodeitsuaz hasi delako eta itsaso nahasia dagoelako. Ez dakite «Beti lagun II» ontziak erraz itsasoratzerik izango ote duen.

p018_f01_020x280.jpg

Janire MENDIETA

Atzo, uztailak 22, Madalen egunean mezatarako bost minutu geratzen zirenean, Danok Bat fanfarrearen txistuak eta danborrak entzuten hasi ziren. Xabier Legarreta, Bermeoko alkatea handik hurbil zebilen. Udaletxetik elizara zeraman bere makila, aginte makila. Eta haren ondoan, Naiara Fernandez eta Iñaki Leniz zihoazen, zinegotzi gazteenak, Bermeoko bandera eramanez. Denak mahoiz jantzita. Elizan alkatea sartzean, bertako ateak itxi ziren, eta meza hasi zen.

Ikusmin handia

Bermeotar leialek sartzen jarraitu zuten, halere, Santa Eufemia bete arte. Nabarmena zen bertan zegoen berotasuna, horregatik, apaizak ateak irekita eman behar izan zuen meza. Abadeak «jaia ofizialki hasi da» esan zuenean eta irrintzi batzuen ostean, festa hasi zen.

Orduan, ikusmin handiarekin, bermeotar asko elizaren kanpoaldean alkatearen zain geratu ziren, berarekin portu zaharrera joateko intentzioarekin. Prozesioan, eta txistularien eta danborrarien atzetik, eta bolandera eta irrintzi artean, alkatea eta hainbat politikari «Beti lagun II» itsasontzira abiatu ziren.

Itsasontzi barnean, 120 lagun zeuden, alkate, zinegotzi, kazetari eta politikarien artean, denak mahoiz jantzita. Izaskun Bilbao, Josu Erkoreka eta Andoni Ortuzar bertan zeuden.

Partaide berezi batzuk ere bazeuden, kazetari alemaniarrak. Alemaniako telebista publikorako dokumental bat egiten ari dira, itsasertzean bizi den jendearen bizitzari eta lanari buruz. «Asko gustatzen zaigu, oso berezia da. Ez dugu inon horrelakorik ikusi», azaldu zuten.

«Beti lagun II» ontziaz gain, beste 70 bat txalupa itsasoratu ziren Izaro irlarantz. Ontzi txikiak, handiagoak, belaontziak eta Bermeoko arraunlari talde gaztea ere bai, azken urteotan egin bezala.

Beste txalupa bat ere atera zen Bermeotik, Karmele Alkorta, Irune Bideguren eta Joseba Iñaki Bilbaorekin. Horien zeregina, Izaron ikurrina eta Bermeoko bandera tinkatzea zen.

Momentu horretan, itsasoa festa bihurtu zen. Itsasontzi eta txalupa guztiak turruna jotzen hasi ziren. Eta bermeotarrek txistu egiten eta turutekin lagundu zuten.

Horren ostean, festaren momenturik bereziena heldu zen. Alkateak teila hartu zuen, barkuko istriborrera abiatu zen, eta teila uretara bota aurretik, «honaino heltzen dira Bermeoko itoginak» lema oihukatu zuen.

Betiko emozioa

Laugarren urtea du Xabier Legarretak, alkate dela, teila botatzen duena, eta barruan sentitzen duen zirrara beti berdina da. «Laugarren urtea, eta emozio berdina. Emozioa da barruan sentitzen dudana. Ohorea da hau egitea, bermeotar batentzat espeziala da». Hala ere, ez dela urduri jartzen aitortu zuen.

Askotan egoten dena Andoni Ortuzar da, Bizkai Buru Batzarreko presidentea. Ahal duen guztietan festa honetan parte hartzen du. «Lehen txalupa txikietan etortzen nintzen, eta azken urteetan, itsasontzi honetan», azaldu zuen. Gustuko dituen jaiak dira madalenak. «Munduan festa gutxi daude honelakoak. Festa hau bakarra da», goraipatu zuen.

Ondoren, ordu batak aldera, «Beti lagun II» Elantxobera heldu zen. Han, Amaia Eigurenek, bertako alkateak bere makila eman zion Legarretari, Bermeoko alkateari, tradizioak dioen moduan.

Geroago, txistulari eta danborrariek «Alkate soinua» eta «Madalenaren Zortzikoa» doinuen artean, Bermeo, Elantxobe, eta Mundakako alkateak Elantxobeko elizara bideratu zituzten. Herriko jendea agintariekin euskal dantzen soinuaren erritmoan ibili zen.

Arratsaldean, Mundakara heltzean, bertako alkateak, Unai Rementeriak, Amaia Eigureni bere makila eman zion.

Zortziak aldera, egun osoko ospakizunari amaiera iritsi zitzaion. Hala ere, Bermeon, festak goizaldeko ordu txikietara arte iraun zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo