GARA > Idatzia > Mundua

AEBek ezarritako zigorrak eta maniobra militarrak gaitzetsi ditu Ipar Koreak

Ameriketako Estatu Batuek ezarri nahi dituzten zigorren aurka jo zuen Piongiangek, eta Washingtonek Hego Korearekin batera maniobra militarrak egiteko duen asmoa ere kritikatu zuen, «mundu osoko» segurtasun eta bakerako «mehatxua» delako.

p023_f01_148x108.jpg

GARA |

Ipar Koreak gogor erantzun zion atzo AEBek asteazkenean egindako zigor berrien iragarpenari, eta AEBek Hego Korearekin batera egin nahi dituzten maniobra militarrak «mehatxutzat» jo zituen, Asiako Segurtasunaren gaineko Forumaren bezperan.

Piongiangen aburuz, Hillary Clinton diplomaziaburu estatubatuarrak iragarritako zigorrek eta Seulekin batera Japoniako itsasoan egingo dituzten ariketa militarrek, «Cheonan» itsasontzia hondoratu ondoren Nazio Batuen Erakundeak egindako adierazpena «urratu» egiten dute. AEBek eta Seulek Ipar Koreari leporatzen diote gertakari hartan zendutako 46 itsasgizonen heriotza, nahiz eta Piongiangek formalki ukatu duen edozein erantzukizun.

Aipatu agirian, 1953an Koreako gudari amaiera eman zion armistizioari eusteko deia egin zuen Segurtasun Kontseiluak. Era berean, «Cheonan» ontziarekin jazotakoa arbuiatu zuen, Piongiang aipatu gabe.

Ri Tong Il Forumean parte hartuko duen Ipar Koreako delegazioaren bozeramaileak esan zuenez, Seul eta Washingtoneko armaden saioek «mehatxu handia» dira, «ez bakarrik penintsula korearraren segurtasun eta bakeari begira, baita mundu osoko bake eta segurtasunerako ere».

«AEBek penintsula korearrak desnuklearizatzeko benetako interesa baldin badute, elkarrizketaren bidea zapuzten duten maniobra militarrak eta zigorrak bertan behera utzi behar dituzte», adierazi zuen Ipar Koreako bozeramaileak Hanoiko batzar zentroan egindako prentsaurrekoan. Bertan egingo dituzte batzarrak aipatu forumean parte hartuko duten 26 herrialdeek eta Europar Batasunak.

Elkarrizketa

Ipar Koreako agintarien aburuz, «zigorrek argi eta garbi adierazten dute Koreako Herri Errepublika Demokratikoaren aurkako jarreren berrindartzea».

«[AEBek] ikasbidea eman beharko lukete, elkarrizketarako klima egokia sortuz, zigor edota ariketa militarren bidez giroa zapuztu beharrean», gaineratu zuen Piongiango Gobernuaren ordezkariak.

Zentzu horretan, gaineratu zuen Ipar Korea prest dagoela 2008tik ez aurrera, ez atzera dauden nazioarteko negoziazioei berriz ekiteko. Horretarako, baina, AEBek zigorrak bertan behera utzi behar dituzte, negoziazioak «baldintza bertsuetan» izan daitezen.

TXINARI DEIA

Hillary Clintonek Foruma Beijingo Gobernuari presioa egiteko baliatuko duela azaldu zuen atzo Philip Crowley saileko bozeramaleak. Txinak Ipar Korea aliatuaren aurkako presioa areagotzea nahi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo