Tourra Pirineotan
Laguntasuna
Amets TXURRUKA
Txirrindularia
Pirinioetako azken etapak hainbat irudi utzi dizkigu, baina arrazoi ezberdinengatik laguntasuna etorri zait niri burura azkenean. Laguntasuna, alde batetik, nire koadrilako jende asko Tourmalet aldera joanak zirelako eta errepide bazterretan ikusi ditugun milaka zale euskaldun horien artean ibiliko zirelako. Laguntasuna, bestalde, Markel ere, gure beste zutabegilea, Pirinioetan ibili delako. Uste dut Marie-Blanque mendatea aukeratu zuela txirrindulariak pasatzen ikusteko. Eta laguntasuna, azkenik, eguneko irudia Alberto Contador eta Andy Schleck-en arteko besarkada izan delako. Errepidean ez dago lagunik, hori argi gelditu da azken egunotan bizitako eraso, polemika eta gainerakoekin. Baina behin etapa amaitutakoan elkarri bostekoa eman eta lagunak izaten jarraituko dutela argi utzi dute.
Eta laguntasunarekin batera, berdintasuna ere aipatu nahiko nuke. Marka da gero. Hamazazpi etapa lehiatu, 83 ordu eta erdi bizikleta gainean eman, eta ia 3.000 kilometro egin ondoren, lehen sailkatuak bigarrenari zortzi segundo baino ez dizkio kentzen. Irabazlea nor izango den jakiteko jolas horretan, ia hasieran bezalaxe gaude. Eta berdintasuna ez da hor amaitzen, hirugarren sailkatuaren eta laugarrenaren artean ere, Samuel Sanchez eta Denis Menchoven artean alegia, apenas 20 bat segundo baitaude, puntukako sailkapena ere oso estu, zer esan taldekakoari buruz atzora arte...
Eta amaitze aldera, Samuel Sanchezen izena atera dudanez, hura lurrean etzanda ikusi dudanean pasatako une txarrak ere gogoratu behar. Txirrindulari bat erortzen denean eta ez badu ezer larria izan, di-da batean altxatzen da normalean. Eta Samuel horrenbeste denbora altxa ezinik ikustean beldurtzen hasi naiz. Zorionez, bikain eutsi dio etapari, baina beldurtzeko une horretan ere, lurrean dagoena laguna izateak zeresan handia izaten du. Badakizue, laguntasunaren kontuak.