KRONIKA; tourreko 17. etapa
Tourmalet erabakigarria, Info7-ko ahotsen ikuspuntutik
Tourrari begira apustu asko egin ohi da Euskal Herrian. Aurten, ordea, apustu berri bat egin da: Info7 Irratia eta GARA egunkariaren eskutik.
Agin REZOLA
...Tourreko 17. etapa.
Agur ditzagun etapa jantziko diguten ahotsak: Mikel Astarloza eta Patxi Vila, arratsalde on bioi. Eta bigarren estudioan Dani Llopis, arratsalde on hiri ere, zein duk gaurko lehen argazkia?
D.L.: Zazpi txirrindulari ihes eginda, hauetako bat Ruben Perez. 3.20ra Carlos Sastre eta atzerago oraindik tropel nagusia 5.17ra.
Info7: Tropela lasai doala ikusita, Andy Schleck ez al dabil berandu?
M.A.: Harrituta nago lan guztiak azken mendaterako utzi dituztelako eta Patxik esan duenaren harira, ados nago, berandutxo ez ote dabilen.
Info7: Tourmalet Aritxulegi lau bider igotzearen modukoa litzateke... zuek ere igoak zarete... Nola igo behar da Tourmalet?
P.V.: Nire kasuan behintzat aunitz maite dudan mendatea da eta indarrak asko neurtzea eskatzen du. Uste nuen karrera beste egoera batean iritsiko zela.
Info7: Etapako argazkia, Dani.
D.L.: (16:40) Kolobnevek erasoa jo du oraintxe eta Burghardtek bakarrik eutsi dio. Baina ez dakit zenbat bide egingo duten Saxo Bank lanean hasi da eta. Tropela iheslariengandik 3.24ra dator 14 kilometroren faltan.
Info7: Andy Schleckek esan du erasoa jo behar duela gaur, baina noiz jo behar du?
M.A.: Ba argi dago jo behar duela tropel hau oso txikia dagoenean. Oraindik 25 bat txirrindulari daude eta taldekide guztiak erre behar dituzte beraiek jo aurretik.
Info7: Samuel Sanchez erakusten digu telebistak. Ez du aurpegi onegirik.
M.A.: Nahiko antzerki zalea da e! Ni ez nintzateke haren aurpegiarekin fidatuko.
P.V.: Nahiko kopla zalea duk, bai.
Info7: Zergatik darama kasko ezberdina?
P.V.: Mikelek agian ez dik egia osoa errango eta nik errango diat. Alde batetik joko olinpikoetako txapelduna delako eta bestetik, Samuelek zerbait ezberdina eraman behar duelako beti. Horretarako berezi samarra da. Nahiz eta beste taldekideena baino txarragoa izan, ezberdina bada eraman egingo du.
Info7: Alegia, berunezko oinetakoak emango balizkiote, jantziko lituzkeela.
P.V.: Bai eta hik dituanak baino hobeak direla konbentzitzen saiatuko huke, kar,kar,kar.
Info7: Orain Andy Schleck! Andy Schleckek erritmoa bizitu du! Samuel oraingoz ez dugu ikusten! Zein da etaparen argazkia, Dani!
D.L.: (17:00) 9 kilometroren faltan, Samuelek hasieran kontaktua galdu du, baina azkenean bi talde egin dira. Batetik Schleck eta Contadorrek osatzen duen bikotea eta bestean Samuel eta Menchov daude.
M.A.: Orain ikusten ari garena da Schleckek erasoa jo eta jarraipena ematen diola eta iruditzen zait horixe egin behar zuela aurreko etapa guztietan.
Info7: Menchov eta Samuel elkarri begira.
M.A.: Iruditzen zait Samuel eta Menchovek biek uste dutela erlojupekoan bestea baino hobea direla, baina baten batengatik apustu egin beharko banu, Menchoven alde egingo nuke. Ez nuke afari handirik jokatuko baina kafe bat jokatzekotan...
Info7: Eskerrak Euskaltelekoa haizen!
M.A.: Bai baina apustuak irabazteko egiten dira eh!
P.V.: Dirua berea duk!
Info7: Helmugara iristen ari dira, Cadizetik idatzi digute tour@info7.com helbidera ikurrinak ikusteko gogoz zeudela eta a zer pila dagoen hemen! Jende arteko errepide estu honetan une txarrik pasa al duzue?
P.V.: Nik gogoan daukat Presolanen gainean amaitzen zen Giroko etapa batean, kaskoa portu azpian utzi eta txapela neraman buruan, betaurrekoak, barrita energetiko batzuk atzean... eta gora iritsi nintzen ez antiojo, ez txapelik, ez janari eta ez dortsal.
M.A.: Bilutsik! kar,kar,kar...
P.V.: Barre egin ezak, barre egin ezak! Hura paliza hartu niana han goian.
Info7: Helmuga pankartapean pasatzen ari dira bi txirrindulariak! Alberto Contadorrek Andy Schlecki utzi dio etapa garaipena eta beraz Andy Schleck izango da etapa garaile, Tourra berriz Alberto Contadorrek ia patrikan du!