GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Martin Elexpuru Filologoa

Iruña-Veleia suntsitzen denon begien aurrean

2010eko uztailaren 20a, goizeko hamaikak. Hondeamakina handi bat ari da lanean sarrera nagusiaren ondoan. Pala hondoraino sartzen du, harria jo arte, eta gero kamioi batera botatzen du lurra. Mutil bat, arkeologoa dirudienez, lurrean koilarari begira, ezer egin gabe. Zazpi minutuan bete du kamioia. Badoa hustera. Beste bat dago zain. Laugarren lan-eguna dute gaurkoa. Dagoeneko 5.000 metro karratu inguru «induskatu» dute. Hamar egunean 17.000 metro karratu egiteko asmoa omen.

11.30: handik alde egiteko ordena eman diete hondeamakinari eta kamioiei, 12.00etan inaugurazio ekitaldia delako eta prentsa eta autoritateak etorriko direlako. Muino baten ostean ezkutatu dira. Tartea profitatuz, indusketara hurbildu da norbait. Leku batzuetan ia metro eta erdi sakondu dute, laborantza-lurra soilik 30 zentimetro ingurukoa denean. Estratu eta egitura arkeologiko erromatarrak suntsituta daude. Hainbat zeramika eta hezur lurrean. Eraikuntza harriak apurtuta hondeamakinaren igurtziekin. Txikizioa erabatekoa. Ezin sinetsi. Negargura.

Ekitaldia bukatu da eta autoritateak eta prentsa badoaz beren autoetan. Txikizioaren paretik igarotzean beste aldera begiratzen dute, argazkilariren batek izan ezik. Hurrengo eguneko egunkarietan txikizioaren argazkirik inon ez. SOS Iruña-Veleiakoak Agirre diputatuari idatzi bat entregatu nahi diote, baina ertzain batek dio diputatu jaunak ez duela ezer hartu nahi. Tiraka eta bultzaka ibili ondoren, Ertzaintzak ez die utzi. Karnetak eraman dizkiete eta atxilotzeko mehatxua egin. 14:30.

Hondeamakina jo eta su ari da berriz kamioiak betetzen. Datorren astean azpiko harri guztiak agerian egongo dira bisita gidatuen gozagarri.

Bitartean «euskaldungoa», hain kritikoa omen den izaki famatu hori, gor, itsu eta mutu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo