Ahaztu gabe (eta aukera posibleak)
Aritz SOUND SYSTEM
Kazetaria eta musika adiktoa
Iragan zutabean herri elkarteek gauzak antolatzeko garaian dituzten zailtasunak aipatzen genituen. Instituzioek gero eta traba gehiago jartzen dituztela esaten genuen, eta horren adibide dira azkenaldian onartzen ari diren araudi berriak, non gero eta baldintza gogorragoak eta murriztaileagoak jartzen dituzten.
Ekitaldi horietan parte hartu behar duten artistentzat ere gauzak ez dira samurrak. Edozein gauzatarako faktura eskatzen da eta artista horietako askok ezin dute fakturarik igorri. Enpresa bezala eratuta ez dauden eta enpresa sortu nahi ez duten artista horientzat zein izan daiteke irtenbidea?
Egokiena, agian, horientzako aproposa den legedia sortzea litzateke; hau da, legez artista horien jarduera arautu (horien egoera berezia kontuan izango duena) eta, autonomo edo enpresa bezala eratzera behartu baino, baldintza samurragoak dituena (zerga kontuetan, adibidez) sortu. Legedi berri hori lortzeko bidea luzea eta korapilatsua litzateke, eta, gauzak dauden bezala, ez dirudi gure agintari «legalen» artean horretarako inolako borondate politikoa dagoenik. Beste aukera litzateke, agian, (Katalunian egin dute, adibidez), antolatzaile eta artisten arteko elkarte edo enpresa bitartekoa eratzea. Elkarte hori arduratuko litzateke antolatzaileen eta artisten arteko tramite legalak eta fakturazio kontuak egiteaz. Oker ez bagaude behintzat, Euskal Herrian, bertsolari batzuek Lanku bidez egiten dute (Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako enpresa da). Bide hori ere aztertu beharko litzateke.
Lerro hauen bidez, bide batez, Euskal Herriko bizitza kulturala aberasten duten artista «pirata» hauei guztiei gure elkartasuna eta besarkada handi-handi bat bidali nahi diegu. Konturatzen ote gara, behar beste, lagun hauek egiten duten lanaz? «Profesional» izan gabe, askotan profesionalek baino gogo eta fundamentu handiagoz aritzen dira, eta hauei esker Euskal Herrian herri elkarte xume askok euren ekimenak gauzatu ditzakete. Herri guztietan festak puri-purian diren garai honetan euren lana behar bezala baloratu eta eskertu beharko genuke, ahaztu gabe. Artista horietako askori esker, besteak beste, posible dira iragan berri den Euskal Herria Zuzenean bezalako jaialdiak. Militantzia eta konpromiso sozialean oinarritutako jaialdi hau eredugarria da zentzu askotan eta, hala ere (edo horregatik, agian), instituzioek ez diote behar bezalako babesik ematen. Guztion esku dago sugarra piztuta mantentzea.