GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Trage eta Kome hondartzan

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Tragedia jendez gainezka dagoen Zurriolako hondartzan dago azala kremaz beterik eta eguzkiko betaurrekoekin itzalkinaren azpian etzanda. Komedia, laguna errekonozitu gabe, alboan ipiniko zaio arropa eranzten hasiaz.

Komedia: (Kantuan) Si te ha pillao el toro, jodete...

Biluzirik geratu den Komediak hondarra botako dio Tragediari oharkabean.

Tragedia: (Haserre) Jodete!

Komediak ezusteko galanta hartuko du eta ezingo dio barreari eutsi alboan duen kremaz beteriko emakumea ikustean.

Komedia: (Barrez) Hara, momia bat!

Tragedia: (Ulertu gabe) E?

Komedia: Ez, no, nothing... excuse me. I am going to the water, ok?

Tragedia: Water? Emango dinat niri hiri bater.

Tragediak betaurrekoak erantziko ditu.

Komedia: (Laguna errekonozituaz) Traje!!! Baina zer egiten dun Tutankamon piura horiekin?

Tragedia: (Lehor) Eta hik? Zer egiten dun larrugorritan? Ez al hengoen Erriberrin hire amorante berri horrekin antzezlan klasikoak ikusten?

Komedia: Bai, baina herria zahartu egin zunan bat-batean. Eta hi? Ez al hengoen Almagron edota Meridan hire koinataren ilobaren andrearen lehengusuaren anaiaren hiletaren antzezlanean?

Tragedia: Bai, baina loreontzi klasiko batek buruan jo eta seko geratu zunan nire koinataren ilobaren andrearen lehengusuaren anaia interpretatzen zuen aktorea.

Komedia: (Ulertu gabe) A...

Tragedia toallatik zutituko da azalean erantsitako krema ahal moduan kenduaz.

Tragedia: (Haserre) Behin etorriko hondartzara eta begira, kroketa bat naun.

Komedia: (Barrez) Bai horixe, pekadun bexamela eta guzti.

Tragedia: (Hondarra kendu ezinik) Nudista nazkagarri hauek...

Komedia: Desde luego, sarrera debekatu beharko liekete, hondartza guztia kakaz beterik uzten dinate eta.

Tragedia: Nortzuk? Zakurrek?

Komedia: Ez, emakumea. Jazz musika aldrebes hau gustuko duten frikiek.

Tragedia, izuturik, itzalkinaren atzean ezkutatuko da.

Tragedia: (Izuturik) Non daude?

Komedia: Nudistak?

Tragedia: Ez, friki estralurtarrak.

Komedia, izuturik, Tragediaren atzealdean ezkutatuko da.

Komedia: (Izuturik) Non daude?

Tragedia: Estralurtarrak?

Komedia: Ez, Nudistak.

Tragedia zur eta lur geratuko da.

Tragedia: Kome, Jainkoak mundura ekarri bezala hago eta nudistak non dauden galdetzen didaan?

Komedia: Ssss... hitz egin baxuago!

Tragedia: (Ahopeka) Zer gertatzen dun?

Komedia: (Ahopeka) Nudisten sektan sartu naun eta bainujantzia daraman traidore batekin harrapatuz gero, nireak egin din.

Tragedia: (Mehatxatuaz) Ba gauza bera gertatuko zain frikiak non dauden esaten ez badidan.

Une honetan Jazzaldiko kontzertuaren musika entzuten hasiko da hondartza jendez beteaz.

Komedia: Hemen ditun.

Tragedia: (Izuturik) Non?

Komedia: Hire ondoan.

Tragedia: (Oihuka) Friki estralurtarrak!!!...

Komedia: Non?

Tragedia: Hire ondoan.

Komedia: (Oihuka) Nudista estralurtarrak!!!...

Tragedia/Komedia: (Oihuka) Aaaa!!!...

Tragedia eta Komedia, zeharo izuturik eta oihuka, marmokaz beteriko itsasora abiatuko dira korrika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo