Heineken Jazzaldia
Trinitate plaza ireki eta tronpeta joka hasi zen atzo Jazzaldia
Aurreneko eguneko Jazz Band Ball berreskuratua eta gero, atzo aretoetako zuzenekoak abian jarri zituen Jazzaldiak, hau da, ordaindu beharrekoak. Eta herenegungo irekieran euriak Zurriola ureztatu bazuen, atzokoan ere bataiatu nahi izan zuen Trinitate plaza. Bertan jo zuen Ron Carter baxu jotzaile handiak, eta aurtengo Donostia Jazzaldia Saria jaso. Eta tronpetak zer? Jo eta su izan genituen, Arturo Sandoval latinoarekin hasi eta Christian Scott afroarekin bukatu.
A. BILBAO | BILBO
Esana zuen Miguel Martinek, jaialdiko zuzendariak, «aurten tronpeta jotzaileei lekua egin nahi genien». Eta atzo izan genuen hitzon isla. Jazz Band Balla atzean utzita -gero hitz egingo dugu jarduna ixteaz arduratu zen japoniar aldraz-, Arturo Sandovalek ireki zuen Victoria Eugenia antzokiko oholtza, eta Christian Scott gazteak Trinitate plazakoa.
Arturo Sandoval, antolakuntzak iragarri legez, boskotean izan genuen Donostian, eta ez seikotean, hasieran esan zen bezala. Berarekin batera jo zuten Philbert Armenteros (perkusioa), Ed Calle (donostiar jatorriko saxofonista), Manuel Valera (pianista) eta Dennis Marks (bateria) -Alexis Arce perkusio jotzailea etxean utzita-.
1949an Kuban jaioa, tronpetaria ez ezik, pianista ere bada Sandoval musikari trebea. Irakere taldeko sorkuntzan parte hartu zuen Paquito D´Rivera eta Chucho Valdesekin batera eta Dizzy Gillespie omen du gidari artistiko. 2007ko «Rumba Palace» du azken lana. Latin jazzean maisu, aurtengo Jazzaldian sarrerak agortu dituen lehen zuzenekoa eman zuen atzo. Sandoval trebea da tronpetarekin nahi duenean, eta atzo jostari zebilenez, pianoa eta perkusikoak jo, abestu, txantxak eta beste ere egin zituen.
Trinitate plazak hartu zion segida Sandovalen emanaldiari, gurean estreinako aldia zuen Christian Scottekin. Tronpeta jotzaile gaztea da afroamerikarra eta jazz doinuak rap erritmoekin nahasteagatik nabarmendu dute. Donostian L.E. Flaco MCrekin jo -lehiaketa irabazi zuen raperoa- eta «Ku Klux Police Department» kantuarekin itxi zuen. Jeniala.
New Orleanseko tronpeta jotzailearen ostean, Ron Carterrek jo zuen hirukotean, eta Donostia Jazzaldia Saria jaso. Gauerdian gainera, lehenengo kontzertu sorpresa gauzatu zen, Vijay Iyer piano jotzaile gaztea (Wadada Leo Smithen taldekoa) protagonista zela. Utz ditzagun kontu hauek biharko.
«Domo harigato»
Horra atzoko kontuak, eta horiek atzean utzita, biharko egitaraua aipatu baino lehen herenegun goizaldean bizi izandakoari buruz ere idatziko ditugu berba pare bi. Patti Smithen zuzenekoan - «Redondo beach» delakoa «rodeo» hondartza bihurtu genuen-, euria hasi eta tantaka hustuz joan zen arren, jendetsua izan zen, bai. Hala ere, gehiegizkoa egin zaigu antolakuntzak eman duen zenbakia, 20.000 ikuslerena. Harritu gaitu eta pozten gara horrenbeste rockzale Zurriola hondartzan bildu izanak. Atzo gainera, Eric Lewis, ELEW musikariak Frigo Gunean jo zuenez, eta ez Heineken Karpan guk aipatu bezala, berari eskainitako txalo zaparrada -bis-a moztu ziotela eta- Mari Boinerentzat zela pentsatu eta okertu egin ginen (23.00etan abestu zuen samiak).
Baina aho bete hortz utzi gintuena Japoniako Shibuza Shirazu orkestra izan zen, hondartzan irauten zuten ausartak dantzan zoro jartzeraino. Talde ugaria, abiada bizian joka, performance surrealista baten barruan. Galtzontzilo gorriz eta ekialdeko bata batez jantzitako abeslariak orkestrako partaide egin gintuen zaleak ere, eta zilarrezko herensuge erraldoi bat -bospasei metro- eta guzti airez bete eta puzgarria hondartzan hegaka jarri zuten. Sinestezina!
Tronpeta eta kontrabaxu
Biharko egitarauari Estonian sortu Ajavares taldeak emango dio hasiera Heineken Karpan (19.00etan). Taldeko gidari Mingo Rajandi Donostian bizi da egun, eta laukote berrituan joko du. Beraien ostean Stay Blues (21.00etan) euskal laukoteak hartuko du txanda lehenengo, eta Gabacho Connectionek gero (23.00etan).
Bitartean, Frigo Gunea Olga Mitroshinaren laukoteak hartuko du. Errusiar jatorriko piano jotzaile eta kantaria Frantzian bizi da egun, eta Bordele inguruko musikariekin dator «All Sensitive People» debut lana aurkeztera, iluntzeko zazpietatik aurrera. Gero, 23.00etan, Lakuntza Brothers arituko da, Oskar eta Juan anaiek gidatzen duten seikotea, Musikene inguruan sortua.
Doako agertokien kontuak bukatzeko, jo dezagun nagusira, hondartzan paratu berdera. Bertan izango da Mayer Hawthorne & The County, 21.30ean. Souleko eta R&Bko klasiko berria bere diskoetako musika-tresna guztiak jotzen dituen Detroiteko mutil gazte zuri bat da. Detroiteko mutiko zuria dugu Hawthorne, besteak beste Isaac Hayes, Barry White edo Curtis Mayfield eta Smokey Robinsonen musika maite eta beraien eragina jaso duena. Eta behin gauerdia igarota, 0.30ean, The Very Bestek itxiko du ostiral gaueko festa -kontzertu sorpresen baimenarekin-. Bi dantzari, bi abeslari eta disko jartzaile bat, Malawiko ahozko tradizioa eta pop elektroniko kosmopolita uztartzeko. Ez da gutxi.
Jarduna baina, Victoria Eugenia antzokian irekiko du Wadada Leo Smith´s Golden Quartetek, 18.30ean eta 18 euroren truke. Mississippin jaioa, egun Los Angelesen bizi da Ishmael Wadada Leo Smith. Abangoardiako tronpeta jotzailea da eta jazz musikan ez ezik, world music ikerketa ugari eginak ditu azken lau hamarkadetan. Jaialdiko zuzendariak berak onartu zuenez, ez omen da zuzeneko «erraza» izango, baina kritikariek goraipatu egin izan dute, oso, bere jarduna.
Jazz pisuarekin jarraituta, Trinitatera jo beharko gero, Dave Holland kontrabaxu jotzailea entzuteko asmoz. Bere garaian Miles Davisekin jardun zuen britainiarra flamenko musikarekin lotua dabil, eta Pepe Habichuela gitarra jotzailearekin batera izango da Trinitate plazan, Josemi Carmonak (gitarra), Juan Carmonak eta Bandolerok (perkusioa) lagunduta. Beraien ostean Stanley Clarke agertuko da plazan hirukotean, Hiromi piano jotzaile japoniarra laguntzaile berezi dutela. Clarkek 2008an jo zuen Heineken Jazzaldian, Return to Forever superbandaren partaide legez, eta biharkoan baxu jotzaileen gaua osatuko du.
Bukatzeko eta ezohiko kontzertuan -gauerdian (iragarritako) bakarra dago aurten, Toquinhoren zuzenekoa bertan behera geratu ostean-, Portico Quartetek Victoria Eugenian joko du 0.00etan. Gazteak dira, «post jazz indie band» izendatzen dute beren burua eta entzuleen arreta lortzen ari omen dira.
Pixie Dixie katalanak Irunera eramango dute Jazzaldia, eta gauerdiak Tom Tom Makuts eta Parrucho DJ jasoko ditu Be Bopen, eta Bottom Club Altxerrin (10 euroren truke). Aparte, Nautikoko terrazan disko jartzaileen eskaintza oparoa izango da bazkalostetik goizaldera arte, egunero legez, «Nauticool» izendatu ekimenean.
Patti Smith izarraren atzetik, Jazz Band Ball jarduna ixteko ardura zuen Japoniako Shibuza Shirazu orkestra «estralurtarrak», eta aho bete hortz utzi gintuzten beraien performance harrigarriarekin.
Herenegun gauerdian antolakuntzak bart ezustekoan jotzekoa zen Vijay Iyer piano jotzailearen zuzenekoa iragarri zuen Facebook atarian, eta adi egon beharko dugu, agian gaurko beste bat iragarriko dutela-eta.
Baxu jotzaileak dira gaur ere protagonista Trinitate plazan. Dave Holland britainiarrak flamenko uztarketa eskainiko du lehenengo Pepe Habichuela lagunarekin, eta Stanley Clarkeri emango dio txanda gero, Hiromi japoniar piano jotzailearekin jo dezan.
Andrew Mayer Cohen orain hogeita bat urte Michiganen (AEB) jaiotako musikari, ekoizle eta disko jartzailea dugu, egun Los Angelesen, Kalifornian bizi dena. Mutiko zuriak Curtis Mayfield, Isaac Hayes, Leroy Hutson, Barry White eta Smokey Robinson musikari beltzak maite ditu, eta soul zein funk doinuetan eroso moldatzen omen da. «A Strange Arrangement» (Stones Throw Recors) du debut lana. Gaur Zurriola hondartzan joko du, gaueko 21.30etik aurrera eta doan. A. B.