Heineken Jazzaldia
Tronpeta jotzen badaki
Goio URIARTE
Jazzaldiko edizio honetan ordaindu beharreko kontzertuetarik aurrenekoa Arturo Sandoval kubatarraren seikote famatuak eskaini behar bazuen ere, azkenean bost laguneko taldeak jo zuen. Sandovalen ospea urteekin aldatzen joan da. Bere hastapenetan musikariari bere sona tronpeta jotzeko gaitasun miragarriak eman bazion ere, urteekin aldatu da eta jazzaldietan antolatzen dituen bestelako show-ekin lotuta dago egun, eta azkeneko urteetan jazz aldizkari eta bestelako kritikarien aldetik aipamen latzak jaso izan ditu. Bere esanetan musikariak ez diren morroiak dira kritikariak. Ez dakite bera bezain ondo tronpeta jotzen eta ez dute bere musika ulertzen.
Kritikariei dagokionez, kubatarrak esandakoarekin ados banago ere, ikusi ditudan Sandovalen saioak ez zaizkit gehiegi gustatu. Eta Donostian (hasieratik egon diren soinu arazoak kontuan izan gabe) eskaini zigun atzokoan, tronpetariak bere musika tresnarekin eskainitako ñabardura interesgarri batzuk kenduta, boskotearen lana laua iruditu zitzaidan eta momentu batzuetan aspergarria ere egin zitzaidala ezin ukatu. Sandovalek musikaz eta musika tresna ezberdinak jotzen badakiela argi utzi duen arren, gaurko saioan pianoan, teklatu elektrikoan, abesterako garaian eta perkusioan egindako lanak ez dira musikari handi honek tronpetarekin egiten dituenaren pareko eta berak hori jakin beharko luke. Hala ere ikusleria saioa iraun duen bi orduetan txaloka jardun zen gogotsu.
Victoria Eugenia ederrean azkeneko pieza jo eta gero Sandovalek bere boskotea aurkeztu zuen: Ed Calle saxo tenorea, Manuel Valera piano jotzailea, Dennis Marks baxu elektrikoa eta Philbert Armenteros bateria. Bertan jakinarazi zigun «gallegoa» dela, espainiar senideetatik datorrelako eta bere saxofoi jotzailea Donostian egon zela bizitzen duela berrogei urte. Erbesteratu kubatarra dela gogoratu, eta eskertu zuen azken urteetan edo bere zahartzaroan Donostiako jazzaldi famatura etortzeko gonbita jaso izana. Ondoren bis folkloriko bat eman zuen, «A night in Tunisia»-ren moldaketa luzea; zezenketa kutsuko pasodobleen aipamenak eginez ikusleriaren «ole»ak entzuten ziren bitartean. Atzo, ohitura hori ez badu ere, pieza ezberdinak bata bestearen atzetik jo zituen hitzik esan gabe. Tamalez tronpeta ere gutxi jo zuen, oso ongi dakien arren.