SOKATIRA
Goiherrik urrats garrantzitsua eman du 580 kilokoan txapela lortzeko
J.L.
Goiherri taldeak 580 kilokoan txapela lortzeko urrats garrantzitsua eman zuen, pisu horretako bigarren eta azkenaurreko jardunaldia irabazita. Une honetan sailkapen nagusiko lehen postuan dago, eta bigarren sailkatuari bi puntu kentzen dizkio, eta orain arte lortutakoa azken jardunaldian galtzeak zaila dirudi.
Berdeek saioko tiraldi guztiak irabazi zituzten. Bigarren postuan sailkatu zen Gaztedi, Erandiokoekin bakarrik galdu eta gainerako guztiak mendean hartuta.
Hirugarren postuan Getxo sailkatu zen lehen bi sailkatuekin galdu, eta Goiherri B eta Gaztedi mistoa mendean hartuz. Laugarren sailkatu zen Goiherri B. Erandioko bigarren taldeak Gaztedi mistoari bakarrik irabazi zion, izan ere gainerako guztiekin galdu egin zuen. Azkeneko postuan, berriz, Gaztedi mistoa geratu zen jokatutako saio guztiak galdu ostean. Lehen jardunaldiko emaitza berak izan ziren.
Jardunaldi baten faltan sailkapen nagusia honela geratzen da: lehenengo Goiherri A 10 punturekin; bigarren Gaztedi 8rekin; hirugarren Getxo 6rekin; laugarren Goiherri B 4rekin, eta azkena, berriz, Gaztedi mistoa 2rekin.