Harri-jasotzea
Aimar Irigoienek marka berria ezarriz bereganatu du Laukarizko lehiaketa
J.L.
Aimar Irigoienek harri traketsekin ere ederki moldatzen dela argi eta garbi erakutsi zuen larunbat ilunabarrean jokatu zen Laukariz Harria Txapelketan. Errezildarra ez da gehiegi aritu tankera horretako harriekin, baina bera denetara egokitzen da, eta berriro ere denak aho zabalik utzi zituen.
134 kiloko harri berezi hau, 25 aldiz jaso zuen parte hartu zuen lehen aldian, eta horrek txapela lortzeko balio izan zion, baina jasoaldi kopuru horrekin marka berria ere ezarri zuen. Hori Izeta II.ak zeukan orain arte 20 jasoaldirekin, baina errezildarrak bost jasoalditan ondu zuen.
Orain arteko txapeldunak, Izeta II.ak, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 16 jasoaldirekin, iaz baino lau gutxiago jasota. Aimarrez gain, Ostolatzak ere aurre hartu zion, zestoarrak 17 eman zizkion-eta. Laugarren posturako emozio handia izan zen, Telleria II.a, Izeta III.a eta Bertiz berdinduta geratu baitziren 14na jasoaldirekin. Horrelakoetan pisurik gutxien duen kirolaria geratzen da lehenengo, eta hor arinena Telleria II.a zen, Izetaren eta Bertizen aurretik. Sailkapena, honela geratu zen: lehenengo Irigoien (25 jasoaldi), bigarren Ostolatza (17 jasoaldi), hirugarren Izeta II.a (16 jasoaldi), laugarren Telleria II.a (14 jasoaldi), bosgarren Izeta III.a (14 jasoaldi), seigarren Bertiz (14 jasoaldi), zazpigarren Urrutia (10 jasoaldi), zortzigarren Telleria III.a (8 jasoaldi), bederatzigarren Ugartemendia (7 jasoaldi), hamargarren Calvo (6 jasoaldi), hamaikagarren Igoa (4 jasoaldi) eta azkena Ariztegi (3 jasoaldi).