GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Urruntze agindua, besterik gabe, zertarako?

Emakumeen aurkako indarkeria albiste da berriro ere, ia egunero bezala. Oraingoan, ordea, haren ondorio denik larriena: emakume hil bat, urruntze agindua zuen gizonezko bikotekideak hila. Parlamentuek berdintasun legeak egiten dituzte, instituzioek kanpaina arranditsuak, berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeria borrokatzeko, omen. Besterik da, ordea, praktikan berdintasun hori bermatzeko eta emakumeak indarkeria matxistatik babesteko zer eta zenbat baliabide jartzen dituzten. Krisi egoeran gizarte zerbitzuak lehenbizikoetakoak izaten dira murrizten eta, zenbaitek urruntze aginduak zaintzeko baliabideak ere murriztu izana salatu bazuten ere, babes hori ere murriztu zuten. Izan ere, ez dirudi emakumeen egoera instituzioen lehentasuna denik, ez gizonek baino errenta txikiago eta pobrezia arrisku handiagoa dutenean, ez are larriagoa denean ere. Lakuako Gobernuko Barne Sailak ardura handia erakusten du beste arlo batzuetan, sarritan arazorik ez dagoen lekuan arazoa sortzerainoko ardura, baldin bere politika propagandistikoa elikatzeko balio badu. Indarkeria matxistak, ordea, ez du joko berbera ematen, horregatik urruntze agindua duen gizon batek erraztasun handiz eraso diezaioke bere bikotekideari, eta ez da harritzekoa Barne Sailak urruntze agindu hori betearazteko baliabiderik ez izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo