Ama Lurrak hartu du bere altzoan Jon Anza militante donostiarraren gorpua
Ekitaldi xume eta hunkigarriarekin, bere lagun eta senideek azken agurra eman zioten atzo Jon Anza ETAko militanteari. Barru-barrutik ateratako bertso, kantu eta mezuek lagundu zuten donostiarra hilobiraino. «Internazionala» eta «Eusko Gudariak» abestu zizkioten ehorzlekuan. Atzokoarekin familiak doluari ekingo dio, baina bai senideek, bai ezker abertzaleak hamaika aldiz adierazi bezala, Anzari gertatutakoaz «egia osoa egin arte» ez dute etsiko.
Arantxa MANTEROLA
Senide, lagun, lankide, auzokide eta hainbat militantek egin zioten atzo azken agurra Jon Anzaren gorpuari. Goizean, berrogei bat lagun bildu ziren Lapurdiko hilerri batean ETAko militanteari lur emateko.
Okzitaniako Tolosatik ekarri zutenean egindako harrera eta larunbatean Ziburun egin zioten omenaldia bezala, lurra emateko ekitaldia ere hunkigarria izan zen oso.
Ikurrina, presoak Euskal Herriratzeko eskatzen duen banderola eta Anzak zituen zaletasunak irudikatzen zituzten hainbat tresna eta objekturekin (perretxikoak biltzeko otarra, mendiko makilak, kamisetak...) oroigarri bat paratua zuten lagunek hilerriko sarreran. Txalapartaren eta txistuaren soinuek lagunduta, hilkutxa aitzinean ezarri zuten.
Izan bertsotan edota kantuan, haren ibilbide pertsonal eta militantea goraipatuz, hitz hunkigarriak jaurti zituzten beraren omenez. Kidetasunez beteriko mezu labur batzuk ere igorri zizkioten hainbat lagunek, zazpi gizon-emakumez osaturiko talde batek azken aurreskua dantzatu aurretik.
ETAren anagrama eta dolu-xingola zeraman ikurrinaz estalitako hilkutxa hartu, eta hilobira eraman zuten txistuaren doinupean. Han krabelin gorriak eskaini zizkioten eta «Internazionala» eta «Eusko Gudariak» abestuta, «Gora Jon», «Gora Euskadi ta Askatasuna» oihupean itxi zuten ehorzlekua.
Afera ez da itxia
Lagunek bertsotan adierazi bezala, «Aitaren etxera itzuli eta atseden hartu» du donostiarrak. Lurperatzearekin, familia dolua egiten hasi ahalko da.
Alta, ekitaldi guztietan ohartarazi duten bezala, ez dute afera itxitzat emango, Anzari «zer gertatu zaion jakin arte eta jazoeren ardurak zuritu arte».
Aurtengo martxoaren 11n Purpan ospitaleko tanatorioan euskal militantearen gorpua identifikatu ostean, ordura arte ikerketa zeraman Baionako fiskalak Tolosakoaren gain utzi zuen ardura. Hark, berriz, Myriam Viargues epailearen eskuetan jarri zuen berehala.
Abokatuek eta familiak urrats garrantzitsutzat jo zuten epaile batek ikerketa bere gain hartzea. Izan ere, Anza desagertua zela iragarri zutenetik asteak inolako berririk gabe igarotzen zirela ikusita, berehala eskatu zuten afera argitzeko epaile bat izendatzeko, besteak beste, parte zibil gisa ikerlanen xehetasunak izateko aukera izango zutelako.
Anne Kayanakis fiskalak, ordea, «horretarako datu aski ez zegoela» iritzita, ez zuen urrats hori eman gorpua agertu zen arte. Hurrengo egunetan hamaika datu, hutsune eta gorabehera ulergaitz azaleratu ziren, bai hedabideetan, bai Purpan ospitaleak berak argitaratutako agiriaren bidez.
Geroztik, Justizia administraziotik «disfuntziotzat» hartutako datuen jarioa etengabea izan da eta Anzari gertatutakoaz susmo ilunenak nagusitu dira.
Kayanakisen okerrak
Horrela, Estatu frantseseko hainbat komunikabidek jaso dute kasua eta LDH Giza Eskubideen Ligak berak «lehenbailehen eta zorroztasunez egia osoa» egin dadila eskatu du.
Are, ikerketa epailearen gain dagoenez geroztik, Jon Anzaren familiaren abokatuek egiaztatu ahal izan dute Kayanakis fiskalak «ez zuela behar bezala egin bere lana». Hain zuzen ere, hori salatu zuten hil honen hasieran, Parisen, LDHko presidente Jean-Pierre Dubois juristarekin batera.
Ez hori bakarrik. Michele Alliot-Marie Justizia ministroari Epaitegi Zerbitzuetako Ikuskaritza Nagusiaren bidez Baionako fiskaltza ikertu dezala eskatu zioten ofizialki. Interpelazioa erantzunik gabe geratzea ez dutela onartuko ere adierazi zuten baina, oraingoz, ez dago inolako arraposturik ukan dutenen berririk.
Etxekoek nahi bezala, familiartean ehortzi zuten Jon Anza, Lapurdiko hilerri batean. Berrogei bat lagun, lankide, auzokide eta militante izan zituzten alboan senideek.
Hilkutxa aurrean zutela, ekitaldian abesti, bertso eta mezu hunkigarriak eskaini zizkioten militante, lagun eta pertsona bezala bere ibilbidea goraipatuz.
ETAren anagrama eta xingola zeraman ikurrinarekin hilobiratu zuten, hamarnaka krabelin gorriekin batera. Anza «Aitaren etxera itzuli» zela adierazi zuten.
Anzari gertatutakoa jakin arte ez dutela «etsiko» berretsi du ezker abertzaleak behin eta berriro. Alliot-Marie zuzenean interpelatu du familiak baina oraindik ez dute erantzunik jaso.