Gipuzkoako Aldundia, goi mailako diseinuaren munduan, Balenciaga fundazioarekin
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Gipuzkoako Aldundia Getariako Balenciaga museoaren kudeaketaz arduratzen den fundazioaren partaide izango da aurrerantzean, Kultura eta Euskara Departamentuko diputatu Maria Jesus Aranburuk atzo Donostian egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez.
Datorren ostegunean, hilak 29, izango den diputatuen kontseiluan aurkeztuko du horretarako beharrezko baimena lortzeko dokumentazio guztia, asmo hori iraila baino lehen gauzatuko ez bada ere. Aranburuk azaldu zuenez, fundazioak bere estatutuak aldatu egin behar izan ditu.
Aurrerantzean, beraz, lau erakunde publiko izango dira fundazioko kideak: Getariako Udala, Eusko Jaurlaritza, Estatuko Kultura Ministerioa eta Gipuzkoako Aldundia. Lau kide hauetatik hiruk jarriko dute bere kudeaketarako beharrezkoa izango den dirua; Jaurlaritzak eta Aldundiak %35na ipiniz eta Ministerioak %30.
Museotik eskolara
Balenciaga museoa ez dela soilik erakustokia izango nabarmendu nahi izan zuen Aranburu diputatuak. Eraikuntzan 600 metro karratu gorde dituzte jadanik ikerketa, dokumentazio eta jardunaldiak egin ahal izateko, betiere goi mailako diseinuaren inguruko jardueretara bideratuta.
Modaren esparruan museoak izan ditzakeen aukerak aztertzen dituen txosteneko ondorioak ere aurkeztu zituen Xabide enpresako ordezkariak, Onofre Vicentek, atzoko agerraldian.
Pilar Azurmendi Kultura Ondarearen zuzendariak eraikuntza lanak amaitzear daudela azaldu zuen arren, ez zuten museoaren irekieraren datarik zehaztu, lanak atzeratuta doaz eta.