Helburu zintzoa agertu du Costellok, eta berarengan sinesten du Trinitate plazak
Trinitate plazari aurreko egunetako aulkiak kendu, bertan hiru mila lagunetik gora bildu eta bukaera ezin hobea eman zioten herenegun Jazzaldiari Kris Kristofferson eta Elvis Costello musika izarrek. Zinema eta musikako cowboy zaharrak bakarka burutu zuen emanaldia, gitarra lagun; eta britainiar amerikartuak, aldiz, zazpikote zoragarrian, guztiz akustiko eta sonoritate magikoarekin. Gainera, elkarrekin hiru abesti joz borobildu zuten festa.
Anartz BILBAO | DONOSTIA
Bagenekien talentu handiko gizona zela –gurean erakutsia duenez, behin baino sarriago–, baina oraindik ere jarraitzaile sutsuenak harritzeko gai da Elvis Costello plazagizon trebea.
Herenegun Jazzaldiari bukaera eman zion, zazpikotean, Nashville inguruan jotzen duten eskarmentu handiko musikariekin The Sugarcanes osatuta. Euskal eszenako makina bat artista aurkitu genuen berari so, eta baten batek zoragarria iritzi zion entzundako zuzenekoari, orain hiru urtekoa baino hobea. Eta antolakuntzari urtero Jazzaldia ixteko Costello ekartzeko eskatu behar geniola proposatu zuenik ere bada.
Baina Trinitate plazako festa Kris Kristofferson zaharrak ireki zuen, bakarlari. Atsegin agertu zen gizona, gerraren kontrako aldarrikapenak egin zituen eta bere kanturik ezagun eta gustukoenak, ‘Me & Bobby McGee’ –hasi eta gutxira–, ‘Help me Make it Through the Night’, edo kasik bukatzeko, ‘For the Good Times’ (gerora Johnny Cash herenegun gogoratuak berak grabatu zuena), txandakatu zituen ‘Closer to the Bone’ azken lanekoekin.
Tamalez, zale amorratu batzuek izan ezik, jende askok ez zion kasu handirik egin goitik behera beltzez agertu zen morroiari, eta bere jarduna astun samarra edo gutxienez laua ere egin zitzaion baten bati. Deigarria da, bestalde, ‘zaleek’ zuzenekoetan kontu kontari jarduteko duen erraztasuna, Trinitate erdian paratu eta albokoei beren oporrak ozen kontatzera iristeraino! Aurreko batean Jazzaldiko zuzendariak berak ere ohartarazi zuen kontu horretaz bere blogean –eta kazetarioi ere gauza bera gertatzen zaigu prentsaurrekoetan, Dave Hollandek emandakoan, kasu–.
Baina bueltatu gaitezen Declan Patrick MacManus (London, 1954), Elvis Costello ezagunaren eskaintza zirraragarrira. Orain hiru urte ekitaldi grinatsu eta festa girokoa eman zigun morroiak –Allen Toussaint handiarekin batera, “The River in Reverse” aurkezteko– askoz proposamen finagoa aurkeztu zigun atzo, ñabardura aberatsez betea, “Secret, Profane and Sugarcane” (2009, Hear Music) akustikoan jo eta country soinuetara hurbilduta. Horretarako, Jerry Douglas (dobroa) –munduan den dobro jotzailerik bikainenetakoa omen–, Jim Lauderdale (gitarra eta ahotsa), Dennis Crouch (kontrabaxua), Mike Compton (mandolina), Stuart Duncan (arrabita) eta Jeff Taylor (soinua) amerikarrak izan zituen bidelagun, ez da gutxi. Eta gure belarrietarako gozoa eta nabarmentzekoa azken bien lana, hastapenetako Costelloren kantuak berrasmatu eta soinuz aberastu zituztelako. A ze gaitasuna, edozein moldetara egokitu eta borobil emateko.
‘Mystery Train’ Menphiseko klasikoak ireki zuen gaua –bere garaian Brian Setzer edo beste Elvisek, Presleyk ere jo zuten– eta cowboy estiloan emandako azken laneko zenbait kantu ‘Down Among the Wines and Spirits’, ‘Complicated Shadows’ eta ‘Sulphur the Sugarcane’, hau da, bluegrass moldekoak, “My Aim is True” (1977, Stiff Records) debut laneko beste batzuekin tartekatu zituen: ‘Blame It on Cain’ edo ‘Red Shoes’. Eta tartean, adibidez, ‘Good Year for the Roses’, ‘Brilliant Mistake’ –‘King of America” lanekoa–, ‘Friend of the Devil’ edo ‘The Delivery Man’.
Costellok jarduna bukatu zuenean, Kristofferson laguna oholtzara gonbidatu eta, gaueko unerik hunkigarrienean, hiru kantu jo zituzten elkarrekin (lagunak dira biak, baina sekula jendaurrean bikotean agertu gabeak ziren, inoiz elkarrekin grabatu izan duten arren). Kristoffersonen ‘Pilgrim: Ch. 33’ eta ‘This Old Road’ kantuekin hasi eta, Trinitatean sortu berria zuten taldea KCC edo CCK deituta –Kristofferson, Cash, Costello edo alderantziz–, Rossane Cashekin hirukotean sortu zuten ‘April 5th’-ekin agurtu gintuzten. Rossaneren aita ere, beltzezko gizona, bertan zen espirituz.
Aurretik, nola ez, ‘Allison’-i beste behin bere helburua zintzoa zela agertu zion. Sinesten dizugu gizona, «we believe in you!».
Bost egun trinko eta borobilen ostean etxerako bidean eta oraindik txundituta, Bifunk jo eta su aurkitu genuen oraindik Frigo Gunean, musikariak kamiseta laranjaz jantzita. Ehunka gutxi batzuk zituzten aurrean dantza eta dantza, oraindik festa gogoz, pentsa!
Ehun milatik gora
Diru publikoa erabiltzen denean, erabiltzaile kopurua garrantzitsua izan ohi da agintarientzako, eta pozik zen atzo Jazzaldiko antolakuntza taldea, zuzenekoetan ehun mila lagunetik gora bildu direlako –beraien esanetan–. Musika zaleak baina, beste irizpide batzuei jarraitzen die jaialdiak aseta utzi ote duen neurtzeko, eta hor ere, aldekoa da balorazioa.
Eta Elvis Costellok bere jarduna ‘Happy’ abestiarekin itxi bazuen –The Rolling Stonesen kantua–, pozik agertu zen Miguel Martin jaialdiko zuzendaria ere, «ia aurreikuspen eta gurari guztiak bete» zituztelako ustean. Atzo bertan, Heineken Jazzaldia mututu eta biharamunean egindako balorazioan esan zituen hitzok. Ehun mila lagunetik gora hurbildu da, beraz, jaialdiaz gozatzera eta, zuzendariaren aburuz, musikarien erantzun artistikoa ere kasik borobila izan da. Aurten berrikuntza gisara burutu diren zuzeneko sekretuei buruz, datorren urtean ere jarraituko dutela aurreratu zuten atzo jaialdiko arduradunek, aurreneko aldia zuten honetan zale andana bildu ez duten arren. Gainera, Donostiako Kulturako zinegotzi Denis Itxasoren ustez, «egitarau bikainaz gain, garatzen den kokapenek eman diote arrakasta Jazzaldiari».
Gogoratu, Trinitate plazako kontzertuak TVEko La2 kateak grabatu ditu, eta abuztuaren 17tik abuztuaren 31ra bitartean gauerdi aldera emango dituzte.