GARA > Idatzia > Kultura

«Prima donnaren» ostean amaitu zen Jazzaldia

Goio URIARTE Jazz zalea

Igande arratsaldean, Kursaaleko kontzerturako deialdia genuen. Sartu eta lehenengo sorpresa Kursaaleko C aldea, goialdeko eserlekuen eremua, itxita ikustea izan zen. Zergatik? Jessye Norman opera kantari famatuaren ahotserako egokiagoa zelako akaso, edota sarreren prezioa garestia zela-eta saldu ez zirelako.

Arrazoia dena delakoa izanda ere, auditoriumean gertatutakoa txukuna izan zen, nahiz eta hasiera motela izan. Saioa hasi zenerako Jessye Norman sopranoak bere gaitasun dramatikoaren erakusle nabariak eman zituen, abestien aurkezpenak eta azalpenak gehiegikeriarantz jotzen zuen interpretazioaz hornituz. Hotz zegoelako akaso, hasieran ahotsa ez zuen bere lekuan izan eta interpretazioak Swing gutxikoak iruditu zitzaizkigun.

Zorionez, Lena Hornen “Stormy weather”  abestiarekin dena aldatu zen. Saioa gorantz joan zen, bisetan jendea eserlekutik bitan altxatzeraino. Halako proposamenetan horrenbesteko zalek agertutako berotasuna ez da sarri gertatzen. Laburbilduz, saio interesgarri eta gozagarria eskaini zigun Jessye Norman kantari handiak, Ellington, Thelonious Monk, Ella Fitzgerald, Nina Simonen eta bestelako piezen birmoldaketa txukun honetan.

Jessye Normanek honakoak izan zituen lagun: Mark Markham piano jotzailea, Trevor Ware baxua, Clayton Cameron bateria, Martin Williams saxo eta klarinetea eta Mike Lovatt tronpeta –bereziki nabarmentzekoa azken horren lana–. Opera kantariak abestu ondoren, Jazzaldia amaitu zaigu.

Kantu zerrendari dagokionez, Duke Ellingtonen “Don´t Get Around Much Anymore”, “I´ve Got it Bad (and that Ain´t God)”, “Heaven” eta “I´m Beginning to See the Light”-ekin hasi zuen ekitaldia, Nina Simone, Josephine Baker, Lena Horne eta Ella Fitzgeralden “My Baby Just Cares for Me”, “Jái Deux Amours”, “Stormy Weather” eta “Mack the Knife”-ekin jarraitu eta The Mok and the Dukeren “Take the A Train”, “Blue Monk”, “Solitude” eta “Meditation” jo ostean, Normanek oso maite duen Odetta kantariaren “Another Man Done Gone” eta “God´s Gonna Cut You Down” kantuekin bukatu zuen. Bisetan, “Amazing Grace” eta “When the Saints Go Marching In” eman zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo