GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Kepa Alberdi Egaña «Maxixatzen» Azkoitiko herri aldizkariaren kolaboratzailea

Zezenketen errealitate gordina

Zezenketa tradizioa omen da. Baina tradizioa ez da balio absolutua. Ohitura zaharrak mantentzea (matxismoa, esklabotasuna, animaliei tratu txarrak ematea ), ez da beti zilegi Gizaki «aurrerakoia» naturaren epaile bakar eta ahalguztiduna bilakatu da, erabateko gailentasunaz baliatuz, pertsonen dibertimendu hutserako animaliak modu krudelean hiltzeraino

Ikuskizuna hastera doa. Azaldu da aguazila zaldi gainean, segizioa atzetik duela. Autoritateak zezentokiko giltza entregatu dio eta dibertimenduari bidea eman dio. Kornetinaren hotsarekin batera hemen dator indartsu zezena. Zegoen zulotik izututa atera da, leku lasai eta zabalagoaren bila, bere izaera naturalak agintzen dion moduan. Toreatzaileak berehala hartu du protagonismoa, kapa hutsez bere abileziak azalduz, gero pikadoreari bere txanda emateko. Honek ezten luzea bizkarretik barrena sartu eta hau triskatzerakoan atera dizkio zezenari lehen marruma mingarriak. Ikusi hutsarekin ikara eragin beharrean, jendea txaloka ari da, inongo bihotz urradurarik gabe. Banderilleroen ordua heldu da eta ezten sastada bakoitzarekin zezenaren oinazea areagotzen ari dira. Musikariek festa girotzen duten bitartean, toreatzaileak muleta pase batzuk ematen ditu, ole! eta ole! oihuen artean. A ze festa, dena ederki doa. Eta heldu da goreneko unea, guztiz ahulduta eta xehatuta dagoen zezenaren aurrean toreatzailea plantatu da ia metro luzeko ezpatarekin. Kolpe bakar bat emanda, edo bizpahiru, edo hamaika, zezena bizkarretik zein ahotik odolez borborka ikusten dugu, asfixiaz, arnasestuka. Erraietatik ateratzen zaion izuaren intziri marrumak adierazten du tormentua noraino heldu den. Inorako bidean doazen hanka moteletan indarrik ez eta, azkenean erori egin da. Biziaren garrasia heriotza egina, arrastaka daramate zezen lehertua jendearen txalo zaparrada artean. Zezenketa bikaina benetan, merezi zuen etortzea.

Saninazioak izan dira eta, nola ez, tradizioari jarraituz, zezenketek hartu dute berriro ere protagonismo nagusia. Antolatzaileek Donostian aurkeztu zuten aurtengo egitaraua, beti bezala goresmen hitzez eta laudorioz, solemnitate osoz. Behin eta berriz zezenaren tormentua eta sufrimendua ikuskizun bihurtuko dute. Noiz konturatu behar dute tortura ez dela artea, ezta kultura ere, espektakulu bilakatu badute ere?

Zezenketa tradizioa omen da. Baina tradizioa ez da balio absolutua. Ohitura zaharrak mantentzea (matxismoa, esklabotasuna, animaliei tratu txarrak ematea), ez da beti zilegi. Nola iraunarazi bortizkerian, menpekotasunean eta suntsiketan oinarritutako tradizioak? Nola justifika daitezke funtsezko eskubideak urratzen dituzten ohiturak? Hor Zestoako zezenketak eta Azkoitiko idi-demak ere. Harrigarria! Gure adimen emozionalak harrituta uzten gaitu sarritan. Ezin da krudeltasuna eta ankerkeria itxuraldatu nahian, egia makillatuz, arrazoibide kaskar eta argudio ahulez absurduaren absurduan erori. Gaur egungo gizartean ez dute lekurik horrelako ikuskizunek.

Horra hor non azaltzen diren tarteka gizakiaren gainbehera ohartarazten duten zantzuak. Gure gizartean hain dira agerikoak paradoxak: telebistako imajinetan txakur bat nola jipoitzen duten erakusten digute une batez, onartezinezko ekintza moduan, handik gutxira eta telebista kate berean zezenketa baten irudiak botatzeko, zezenaren hilketa eta aurreko sufrikario guztiak ikuskizun atsegingarri moduan aurkeztuz. Plaza publikoetan animaliak martirizatzea, eskandalagarria izan behar lukeena, normaltasunez hartzen dugu eta... normala ez da normala. Hori gutxi ez, eta ikuskizun horiek ez debekatzeaz gain, instituzioek diruz laguntzen dituzte, zenbait lekutan kultur ondare izendatzera ere heltzen direla, festa nazionala dela-eta ikuskizun hau blindatu eta betikotu nahian. Onespen eta oniritziz babestutako zenbat itsutasun eta zenbat mututasun jasan behar dugu instituzioen aldetik? Jendeari ustekabean azaltzen zaizkio bere biolentziaren herrenak. Gero indarkeria mota guztien aurka daudela esanez agertuko dira. Zezenketa ez al da biolentzia? Berriro ere isiltasuna eta irribarre inozoak izango dira zuen moral bikoitzaren aterpe. Burura etorritako «zergatik?» eta «noiz arte?» guztiak galdetuko nizkizueke.

Mahatma Gandhi handiak honela zioen: «Herri baten handitasuna eta aurrerapen morala animaliak tratatzeko duen moduan neurtzen da». Eta gu, oraindik katakonbetan bizi garela dirudi. Gizaki «aurrerakoia» naturaren epaile bakar eta ahalguztiduna bilakatu da, erabateko gailentasunaz baliatuz, pertsonen dibertimendu hutserako animaliak modu krudelean hiltzeraino.

Gogoeta egiteko premia handia dugu guztiok. Eta zuk, zer diozu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo