GARA > Idatzia > Euskal Herria

Adin guztientzako egitaraua osatu dute Donostiako Piratek

 

p015_f02.jpg

Yuri AGIRRE

Piraten Aste Nagusiaren aurkezpena egin zuten atzo Donostian. Abuztuaren 14 eta 20 arterako dozenaka ekintza antolatu dituzte. «Azken urteotako ohiturari jarraipena emanez, aurtengo egitaraua euskalduna, parte hartzailea, parekidea, irekia eta freskagarria izango da», iragarri zuten Piratek.

Adin tarte guztientzako egitaraua prestatzen ahalegin berezia egin dute aurtengoan. Hortaz, berrikuntza ugari aurkituko ditugu egitarauan. Abuztuaren 9an, esaterako, familiako kide guztientzako erromeria izango da, eta abuztuaren 11n eta 13an, berriz, umeen eta nagusien egunak ospatuko dira hurrenez hurren. Haurren Egunean, tailerrak, jolasak edota «Run, run, rock» ikuskizuna izango dira, besteak beste. Helduen Egunean, berriz, tai-chi parte hartzailea, tortilla lehiaketa eta herri dantza saioa antolatu dituzte.

Beste berrikuntzetako bat Koadrilen Egunean, abuztuaren 20an, egingo den «Altxorraren Bila» jokoa izango da.

Hala ere, aurtengo jaietan ere Donostiako Piraten ikurra «Abordatzea» izango dela adierazi zuten Piratek. Aurtengo leloa ere abordatzearen ingurukoa izango da, «Aingurak askatuz, lehorreratu!», hain zuzen ere.

Aurreko urteko «Aborda- tzea»ren inguruko datuak ere eman zituzten. Iaz, «250 baltsa baino gehiagotan 2.000 pertsonak parte hartu zuten», azaldu zuten. «Urtetik urtera, ahalegin berezia egin dugu proposamena hobetzeko», gaineratu zuten.

Aurtengoan, gainera, «Abordatzea» programa ofizialaren barnean sartu da. Horren harira, Piratek argi utzi nahi izan zuten honakoa: «Honek ez du esan nahi Udalaren jai ereduarekin ados gaudenik, ezta `Abordatzea' Udalak antolatuko duenik ere. Piraton egitarau da. Gu gara horren antolatzaile». Normalizazioaren bidean, «pauso natural» bat dela uste dute piratek. Alde horretatik, Piratak eragile bihurtu diren heinean, Udalean eragite marko berri bat lortu dutela eta «Abordatzea» egitarau ofizialaren barruan sartu izana «horren isla» dela adierazi zuten.

Antolakuntzari dagokionez ere, urtez urte ekitaldi horretan jauzi nabarmena egin dela esan zuten.

Piraten Aste Nagusiko beste egun garrantzitsu bat Koadrilen Eguna izango da, abuztuaren 20an. Goizean hainbat tailer izango dira Trinitate plazan. Bazkaria berriz, berezia izango da. Izan ere, gutxi batzuek ehunka pertsonentzako jatekoa prestatu ordez, koadrila bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du. Arratsalderako jinkana eta koadrilen jaitsiera antolatu dituzte. Eguna amaitzeko, berbena izango da.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere kontzertuei tarte berezia eskaini diete. Abuztuaren 14ean Bebe, Ze esatek! eta Sorkun & DJ Pata taldeek joko dute Trinitate plazan. Abuztuaren 18an, berriz, New York Jazz Esemble taldea izango da Piratak dantzan jarriko dituena. Kontzertuak Trinitate plazan izango dira.

Aurreko urteko kontzertuen datuak ere aipatu zituzten. Piperrak, Parabellum eta Esne Beltza taldeen kontzertuan 1.500 lagunek parte hartu zuten iaz, eta hurrengo egunean, Deskontrol eta Barricada taldeek 2.000 pertsona batu zituzten.

Aurtengoa AsteNagusi Pirata antolatzen den zortzigarren urtea izango da. Donostiako Piratak kolektiboa 2002an sortu zuten Donostiako Gazte Asanbladek, Alde Zaharreko zenbait tabernariren laguntzaz. Udalaren jai ereduarekin gustura ez, eta Aste Nagusi alternatibo eta propioa eratzea erabaki zuten.

«Zortzi urte hauetan proposamena irmotzen joan gara, bidean zenbait traba izan arren», azaldu zuten Piratek.

«Abordatzea», Aste Nagusiaren ikur bihurtu dutela nabarmendu zuten. «Kontzertuak, jolasak, `Irrikitaldia'... gure proposamenek arrakasta izan dute», gaineratu zuten.

Piraten Aste Nagusiko kartel nagusian, leloa eta gunea islatu nahi izan dituztela azaldu zuten Piratek.

«Trinitate plazan lur hartu duen itsasontzira animatzeko deia» egin zuten Piratek.. «Asko gara jada itsasontzian, baina guztiontzako lekua bada oraindik!», dei egin zuten.

«fraude de ley»

En el decreto foral de 203/2001 se establecieron los puestos de trabajo para los que el conocimiento del euskara era requisito en la «zona vascófona», sin embargo, las nuevas plazas no requerían el euskara.