GARA > Idatzia > Ekonomia

Zuberoatik Ziburura, espekulazioaren aurkako aldarria entzunarazteko

Egargeia etxaldea erosteko eskaintza egin duen zuberotarra Ziburun bizi dela-eta, Zuberoako higiezinen espekulazioaren aurkako batzordeak herri lapurtarrean elkarretaratzea deitu du larunbaterako. ELB laborarien sindikatuak eta Batasunak bat egin dute deialdiarekin.

GARA |

Larraineko Egargeia etxaldearen salerosketak hautsak harrotzen segitzen du. Oraingoan, Zuberoako espekulazioaren kontrako batzordeak elkarretaratzea antolatu du datorren larunbaterako, 17.00tik goiti, Ziburuko plazan. Bi hektarea eta erdi dituen lursaila eta bertan dagoen borda erosteko 55.000 euro eskaini duen pertsona zuberotarra bada ere, Lapurdiko herrian bizi da eta horregatik hautatu du batzordeak leku hori protesta egiteko.

Batzordearen arabera, patarrean diren laborantzarako lursailek 6.000 euro balio dute. Landa lurren eskualdatzeak kudeatzen dituen SAFER erakundeak, berriz, 20.000 eurotan baloratu ditu.

Turismoa dela medio, laborantza lurren prezioa hagitz garestitzen ari dela salatu nahi du Zuberoako kolektiboak. Aldi berean, gero eta nekazaritza lur gehiago galtzen ari dela nabarmendu du: «Baxe Nafarroan, urtero 30,40 hektarea lur galtzen ditu laborantzak, eraikuntzen mesedetan. Berrogei mila bat bigarren egoitza, etxaldeak osorik dira erortzen, herriaren eta herritarren geroaz axola den mendrena ez duten aberatsen eskuetara».

Deiarekin bat

ELBk, LABek, Zuberoako NPAk, GFAM Lurra egiturak, SEGIk eta Batasunak bat egin dute deialdiarekin. ELBk lurra diru gehien duenari saltzea delitu bat dela salatu du: «Lurra espekulazio iturri eta komertziorako tresna bilakatua da eta laborantza mundua bizirik atxikitzeko ELBk eraman borroka guziak zentzua galtzen ari dira».

Erosle, saltzaile eta artekariek duten ardura salatuta, hautetsien eta erakundeen ardura ere gogorarazi du: «Espekulazioa trabatzeko tresnak badira, baina duten eraginkortasuna zalantzan emaiten ahal da. Gure laborantzako egiturek sortzen duten prezio handitzea salatzen dugu. Salmenta prezioen arabera ordainduak direla ez da ahantzi behar».

Batasunaren iritziz ere, lurraren espekulazioa jasanezina da Euskal Herriarentzat, «sare soziala desitxuratzen du eta egoitzaz beteriko gune bihurtzen duelako».

Larraineko Udalak salmenta baldintza horietan egin ez zedin erabaki izana goraipatu du alderdi abertzaleak, «etxebizitza eta lur merkatua interes orokorrekoak» baitira.

Zuberoako herrian gertatu denak, bestalde, kudeaketa tresna egokien falta erakusten duela adierazi du: «EPFL egituraren ekinbidea eskasa da. Lurraren eta etxebizitzaren egoerak araudiz eta bitartekoz hornitutako erakunde baten premia du, arazo hauek Euskal Herriaren eta bertako herritarren alde kudeatu ahal izango dituena».

EREDUGARRIA

Espekulazioaren aurkako Zuberoako batzordeak, ELBk eta Batasunak Larraineko Herriko Etxeak hartutako erabakia «eredugarritzat» jo dute. Lurra saltzekotan, prezioa berrikusteko baldintzapean eta laborantzarako izan dadin eskatuz, SAFER erakundearen esku utzi zuen salmenta asmoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo