GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Koldo Aldabe 2010/8/18

Umilazioa lege

Soldadua atxilo hartutako etsaien aurrean, ehiza-sari balitu bezala. Horixe ageri da Eden Abergil gazteak, Israelgo Armadako soldadu ohiak, Facebook-eko bere atarian jarri dituen argazkietan. Soldadutza egiten ari zen garaian ateratako argazkiak dira, Gazan. (...) agerian uzten du Israelgo Armadak, besteak beste, palestinarrak umiliatzea duela helburu.

Egia esan, Israelgo Armadak palestinar atxilotuekin duen jarrera argazki horiek baino askozaz gordinago agertzen duen erretratu andana agertu izan da. Soldadu ohiak astelehenean argitara emandakoek, ordea, testuingurua dute. «Nire bizitzako unerik zoriontsuena» titulupean ageri dira, eta soldadu ohiaren eta haren lagunen iruzkin iraingarriek agerian uzten dute soldadutzan nolako irakaspenak jasotzen dituzten soldadugaiek, palestinarrak nola tratatu behar diren eta.

Horixe baita okupazio indar guztien jokabidea, bereziki zibilen aurkakoa; umiliatzea, ez-gizaki egitea, gauza, piztia bihurtzea. Aurrean dagoen hori gizaki gisa hartzeak indarrik gabe utziko lukeelako edozein armada. Gidaliburu orotan dator.

Irudiok, noski, zalaparta eragin dute. Israelgo Armada eta Gobernua haserre dira, egia ezagutarazten dutelako. Palestinar aginteak salaketa jarri du. Baina hortxe geratuko da dena, hortxe geratuko denez. Gatazka luze eta odoltsu horretan anekdota hutsa baino ez baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo