GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Jesus Mari Mendizabal 2010/8/17

Historia

p018_02.jpg

Historia irabazleek egosten dute, eta galtzaileek gorbizituta jaten. Derrigor. Euskaldunok badakigu horri buruz zerbait. Baina ez gara bakarrak. Gaur bezalako egun batez, 1502an, hartu omen zuen Honduras Cristobal Colonek: `tomó posesión', Espainiako erregeen izenean. Ordurako, bederatzi urte lehenago, Alejandro VI.ak (...) Inter caetera izeneko bulda lotsa-gaiztokoa promulgatu zuen. Partizio-bulda. Batetik (Jainkoaren izenean, jakina), Espainiako erregeentzat, eta haien oinordekoentzat, erregalatzen zituen Ameriketako lurrak eta irlak. Bestetik, berriz, Afrikako lur eta irletako nagusi, Portugal ezartzen zuen; mende erdi lehenagotik urreak, marfilak eta esklaboak amorramenduz erauzten ari zen lurretako jaun eta jabe. Aita Santu (!?) hark Amerika eta Afrika erregalo ematen zituen, zertako?, eta nazio barbaroak azpiratu eta txikitzeko; zertako?, eta indio pagano basatiak fede katolikora makurrarazteko. (Halaxe idatzita utzi zuen). Espainiak, garai hartan, Amerikak baino hamabost bat bider biztanle gutxiago zeuzkan; Afrikak, berriz, Portugalek baino ehun aldiz biztanle gehiago. Beraz, gure aspaldiko esaera kutunak (arrazoirik ez dugu gutxi garelako) ez du balio. Hemen (eta han) balio duena zera da: ni nagusi edo muturrak hautsi! Irabazleen historiak ezagun du hori, galtzaileen eskarmentagarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo