Donostiako Torneoaren final-laurdena
Alanbre gainean dantzan
Azken bi urteetako txapeldunak finalerdietan sartu dira distira gutxiko norgehiagoka nahasian.
IRUJO-MENDIZABAL II 18
BERASALUZE VIII-BEGINO 22
Asier AIESTARAN
Pablito Berasaluzek eta Aritz Beginok Donostiako Torneoaren finalerdietan sartzeko txartela eskuratu zuten ostiral gauean Martinez de Irujo eta Mendizabal II.ari 22-18 irabazita. Lehiaketako aurreneko partidak ez zuen batere distirarik izan eta ez zuen jendearen pilota gosea ase. Argi gelditu zen pilotariak udako gehiegikeriak ordaintzen hasiak direla.
Horixe izan zen, batez ere, Juan Martinez de Irujoren kasua. Ezker eskua minduta, aste-bete egon behar izan du geldirik, eta aurreko asteazkenean Burlatan itzuli ondoren, bigarren partida zuen Donostiakoa. Bada, Buruz Buruko txapeldunak ez zuen ezertan asmatu. Pilota astintzerakoan nahiz airez sartzerakoan beldurrez aritu zen behin baino gehiagotan, aurreko koadroetan erabat galduta antzeman zitzaion, eta defentsan ere galtzaile ibili zen. Bere ezina, batere errurik ez zuten harmailetako eserlekuekin ordaindu zuen nafarrak.
Egia da Irujo ez dela inoiz gutxietsi behar, argi utzi zuen hori 4-6koan errebotera bidali zuen pilotakadarekin edota airez amaitu zituen beste lauzpabost tantoekin, baina Iberokoa bere onenean egon ezean, ostiraleko partidak zentzua galtzen zuen hein handi batean. Izan ere, lan txukun samarra egin zuen arren, Oier Mendizabal ez dago oraindik maila horretako erronka bati berak bakarrik aurre egiteko moduan.
Bolea ikusgarriak
Hain zuzen ere, Oier Mendizabal zen torneoko berrikuntza nagusia. Bere mailan, gipuzkoarrak ez zuen lan txarra egin, nahiz eta bukaerarako sei pilota galdu zituen. Baina orokorrean neurketari zuzen eutsi ziola esan daiteke, are gehiago parean Aritz Begino bezalako jotzaile bat izan zuela kontuan izanda. Eta Oierren lanari buruz hitz egiterakoan, nahitaez aipatu beharrekoak dira defentsan boleaz eraman zituen zortzi-hamar pilota zail eta ezkerrez errebotera bidali zuen beste pilota bat markagailuan 6-9koa jartzeko.
Urdinei dagokienez ere ezin baikorregi azaldu datozen partidetara begira. Beginok konfiantzarik eduki, eta eman, gabe jarraitzen du. Bere pilotarekin hainbestean moldatu zen, baina gorriek ateratzen zuten pilotarekin larri ikusten zitzaion. Lurrean asko ibiltzen zen, gehiegi, baina hori ere ez da aitzakia bost pilota argi galtzeko. Alanbre gainean dantzan dabil Auzakoa ere, eta ez zitzaion asko falta izan behera erortzeko.
Horregatik, merezitako meritua eman behar zaio Pablo Berasaluzeri, laukoteko onenari. Berrizko aurrelaria freskotasun handiegirik gabe dabilen arren, tantoa amaitzeko erraztasuna ez du galtzen eta ostiral gauean zortzi tanto egin zituen, mota guztietako erremateak nahastuz. Irujoren opariak ongi baliatu zituen eta aukera izan zuen guztietan zabalean zilipurdika ibili zuen Irujo, azken horrek burua galdu eta harmailetako eserlekuei ostikoka jarri arte.
Garaipenari esker, Berasaluze VIII.ak eta Beginok finalerdietarako txartela eskuratu dute. Asegarcekoek Xala eta Apraizen aurka jokatu beharko dute hurrengo kanporaketa, astearte gauean ospatuko den jaialdian. Lehenago, bihar 22.15ean hasita, beste finalerdia jokatuko dute Titin III.a-Zubieta eta Bengoetxea VI.a-Barriola bikoteek. Leitzarrek 2007an lortutako garaipena errepikatu nahi dute.
«Iaz baino partida gutxiago jokatu dut abuztuan, baina gorputza apur bat nekatuta sentitu dut. Irujok erritmo handia sartzen dio jokoari eta azkenean partida gogortu egin da. Finalerdia Apraizen aurka jokatuko dut eta pozgarria da bietakoren bat final handian egongo dela jakitea».
«Esan izan dut lehen ere aurtengo udan konfiantzarik gabe nabilela, ez dudala nahi bezain gustura jokatzen. Gaur ere, beraien pilotarekin, oso gaizki pasatu dut eta asko kostatu zait piloteoan nagusitzea».