GARA > Idatzia > Kultura

Karmele Igartua idazle aretxabaletarrak atzo jaso zuen gertukoenen azken agurra

Karmele Igartua Bengoa, 51 urteko idazlea, ostiral gauean hil zen Aretxabaletan, gaixotasun luze baten ondorioz. Bi poesia liburu utzi ditu, baita argitaratzeko prest dagoen hirugarren bat ere.

GARA | BILBO

«Poesia da laburpena. Bizitzarena./Pentsamendu oso bat zehatza, zehaztua./ Hitz bakoitzak hausnartua./ Eta, hitz egiten duten isilunean. ¯zer eta nola¯./ Poesia da laburpena: izana esanetan/ eta batzuetan/ orbainak hitzetan». Horiexek Karmele Igartuaren hitzak. Ostiral gauean zendu zen Aretxabaletan, eta herrian bertan, Jasokundeko parrokia-elizan jaso zuen atzo bere senide eta lagunen azken agurra. Gaixotasun luze baten ondoren, 51 urterekin hil da bi seme-alaben ama, azken urteetan literaturan eta, batez ere, poesian nabarmendu den idazlea.

Ogibidez irakasle, Bergarako Idazle Eskolako kidea zen Igartua. www.idazten.com webguneko koordinatzaile izan da azken urteetan. Atari honetan bertan irakurri, entzun eta ikus daitezke berak idatzitako hainbat olerki. Idazteko grina lehenagotik bazuen ere, berak esana zen Idazle Eskolak idatzi eta argitaratzeko adorea eman ziola.

Berandu hasi zen idazten eta bi poesia liburu utzi ditu. Lehenengoa, «Hitzak orbainetan» (2007), Euskaltzaindiak eskaintzen duen Felipe Arrese Saria irabazi ondoren argitaratua. Bizitzak memorian utzitako arrastoei begiratzen dio liburuak zazpi ataletan eta, sariaren epaimahaiaren ustetan, «irakurleari mezu esanguratsua igortzen dio giza sentimenduez eta, hitzen bidez, egitura estetikoa eta edertasuna sortzen du».

Bigarren liburua iaz aurkeztu zuen, «Denbora enaren hegaletan» (Pamiela). Egunkari honetako «Mugalari» gehigarrian, honakoa idatzi zuen Igartuaren lan honetaz Ainara Maiak: «Ainara honen kontzientzia aireratu da zeru urdinerantz eta izarretarantz olerki bakoitzeko, eta horrela bizi da, aireratuz lurretik eta tipatuz lurrean. Bizitzatik bizitzara jauzika egiten dugun gisa berean, jauzika ibili naiz orrialdetik orrialdera. Pixka batean hegan eginez, ametsetan, lurrean gure urratsa hitzez hitz uzten dugun bitartean. Karmele Igartuak bere maitasuna eta izarrak eskaini dizkit iluntasunean eta miopetasunean zerbait gehiago ikus dezadan barnean, kanpoan, denbora kontuan hartu gabe».

Berak ere idatzi izan zuen bai «Mugalari»-n, baita beste zenbait aldizkari eta gehigarritan ere. Joan aurretik, «Itsaso kontra bat» bere hirugarren lana izango dena argitaratzeko prest utzi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo