GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Meatzariak hiru hilabete barru aterako dira lur azpitik; lan baldintza duinek, aldiz, itxaron egin beharko dute

Bizirik daude Txileko meategi batean harrapatuta geratu ziren 33 meatzariak. Txiletarrak pozik agertu ziren atzo, batez ere beren poza hedabideetan agertzeko aukera gehien dutenak, Sebastián Piñera lehena. Presidentea, gainera, istripuaren erantzukizunik izan litekeela konturatu da. Duela ehundik gora urte ustiatzen hasi ziren meategi hori 2007an itxi zuten beste istripu baten ondorioz, baina atzera zabaldu egin zuten, erabaki hori oso eztabaidatua izan bazen ere. Hala ere, Gobernuak duela hemezortzi egun arte ez du irregulartasunik sumatu, nonbait. Ustiategiaren jabeak, berriz, langileengatiko kezka ezin gordeta, esan zuen ez dela erruen ez barkamenen momentua. Jakina, harentzat momentu guztiak ahalik eta etekinik handiena lortzekoak baitira, eta hartarako inbertsio errentagarriak behar dira. Baina langileen segurtasuna eta lan baldintzak, haien eskubideak oro har, inoiz ez dira inbertsio onak izan. Hondoratze batek eta bakan batzuen diru-goseak meategi baten sabel sakonera bultzatu dituen langileak onik aterako dira hiru hilabete barru. Txileko zein Txiletik kanpoko lantegietan istripurik ez gertatzeko baldintza zorrotzek, ordea, denbora gehiago beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo