GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Txupinazoa jaurtita, hasi dituzte Elgoibargo San Bartolome jaiak

Eguzkiak gogotik jotzen bazuen ere, umore ona eta festarako gogoa ez diela ezerk kenduko nabari zitzaien atzo elgoibartarrei. Xanpainez zipriztindutako txupinazoak jai giroan barneratu zituen elgoibartarrak. Igandera bitartean, festak ez du etenik izango, dozenaka ekimen izango baitituzte. Festa Herrikoien Batzordeak, bestalde, egitarau propioa osatu, eta txosna gunea eta gaztetxea festetako «gune aske» bihurtuta, jai parte hartzaileak antolatu ditu.

p018_f02.jpg

Yuri AGIRRE |

Udaletik jaurtitako txupinazoak festetan barneratu zituen atzo elgoibartarrak. Beroak ez zituen, ez, herritarrak kikildu. Igandera bitartean atsedenerako tarte gutxi izango dute.

Erruz zebilen jendea atzo eguerdian Elgoibarko Foruen plazan eta 13.00etarako minutu gutxi falta zirela, kamiseta zuri eta zapi gorriek betetzen zuten Foruen plaza. Batzuek, festari hasiera emateko xanpain botilak prest zituzten eskuan. Gaztetxoenek, aldiz, dendan erosi berriak zituzten gaseosa botilak. Guztiak ere, ordea, jendez betetzen ari zen Udaletxeko balkoiari so zeuden.

Kopetako izerdi tantek, apurka baina etenik gabe, aurpegiaren ertzetik leporanzko bidea egiten zuten elgoibartarren buruetan, merkurioa ederki igota baitzebilen termometroetan.

Plazaren erdigunean, berriz, zapi gorrien artean, presoen aldeko banderak eta ikurrina ugari ikus zitezkeen. Baita «Kementsu eta alaitsu, independentzia!» zioen pankarta handi bat ere.

Erlojuaren orratzak 13.00etara iritsi zirenean, Udaleko Musika Bandako zuzendariak hartu zuen hitza Udaletxeko balkoiko mikrofono aurrean.

Elgoibartar guztiei San Bartolome festak ongi pasatzeko gonbita egin, eta suziriari su eman zion. Hau, ziztu bizian, oskarbi ageri zen zerurantz abiatu zen, segundo gutxira lehertu eta Elgoibarko sanbartolomeei hasiera emateko. Foruen plazan xanpain eta gaseosa botilak astindu, eta aparrez blai ziren jada gazteak.

Horren ostean, Mauritxa txarangaren doinuek dantzan jarri zuen plazako jendetza. Elgoibartarrak, jai giroan, txarangaren atzetik abiatu ziren herriko kaleetan barrena. Izan ere, aste osoa iraungo duten festei hasiera emana zioten jadanik.

17.00etan, berriz, buruhandi, erraldoi eta zezen-zikleten kalejira izan zen. Ez ziren gutxi izan buruhandien maskurizko puxikek berotutako umeen beso eta ipurdiak.

«Hamaika ekimen»

Hurrengo egunetarako ere hamaika ekimen antolatu ditu Udalak. Bihar goizean, esaterako, San Bartolome egunez, Haritz dantzari taldeak eta Txistularien Bandak sokadantza eskainiko dute. Asteazkenerako, berriz, Txiki Eguna antolatu dute. Besteak beste, zezen eta betizu bolaztatuen erakustaldia izango da Aita Agirre plazan. Bertan, errekortadoreak eta oztopo jolasak izango direla iragarri zuten antolatzaileek.

Ostegunean, berriz, umeek hartuko dute jaien gidaritza. Besteak beste, 20.00etan, «Zirko Iluna» haurrentzako ikuskizuna eskainiko du Hortzmuga taldeak Foruen plazan.

Abuztuaren 27an, ostiralean, Gazteen Eguna izango da. Goizerako Goitibehera Txapelketa antolatu dute eta gauerako, berriz, Esne Beltza eta Jon & Sugramas taldeen kontzertua.

Azkenik, festaren azken txanparako, Baserritarren eta Jubilatuen egunak antolatu dituzte, larunbaterako eta iganderako, hurrenez hurren.

merkurioa igota

Kopetako izerdi tantek aurpegiaren ertzetik leporanzko bidea egiten zuten elgoibartarren aurpegietan, merkurioa ederki igota baitzebilen termometroetan

jai giroa nagusiSuziria zerurantz abiatu eta segundo gutxira lehertzearekin batera, xanpain eta gaseosa botilak astintzen eta elkar bustitzen hasi ziren gazteak

«Gune askean» musika eskaintza zabala izango da

Egitarau oparo eta anitza antolatu du aurten ere Festa Herrikoien Batzordeak. Atzo arratsaldean euren txupinazoa jaurtita eman zieten hasiera San Bartolome jaiei. Hurrengo larunbatera arte, festetako «gune askeetan», txosna gunean eta gaztetxean, ekimen ugari izango dira. Aipagarriak dira, esaterako, horietan izango diren kontzertuak. Gaur gauean, adibidez, Itaka eta Munlet taldeek eskainiko dute kontzertua.

Bihar, berriz, Preso eta Iheslarien Egunaren karietara, Haitzama taldearen eskutik dantzaldia izango da 19.00etan. Eguerdian, berriz, sabelak bapo betetzeko aukera izango da herri bazkarian.

Ostiraleko Gazte Eguna, berriz, berrikuntzaz beteta dator aurten. Orain arte Gazte Eguna Gazte Asanbladak bakarrik antolatu izan badu ere, aurten, herriko gazte guztien parte hartzea lortzearen alde apustu egin du Festa Herrikoien Batzordeak. Hori lortzeko asmoz, Gazte Egunaren formatua aldatu eta herriko gazte koadrilen arteko jinkana egingo dute. Gainera, azken urteetan albo batera utzita zegoen Erreka Jaitsiera berreskuratuko dute. Horrez gain, marmitako prestaketa, poteoa, bazkaria edota herri kirolak izango dira egunean zehar txosna gunean. Gauean, berriz, Skakeitan eta Iheskide taldeek eskainiko dute kontzertua txosnagunean.

Azkenik, larunbatean, Skasti eta Itziarren Semeak ska taldeek gaztetxea dantzan jarriko dute. Y. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo