GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Aritz

p048_f02_97x128.jpg

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Musika txarrak gaixotu egiten nau. Beno, musika txarra modu «indiskriminatu eta errepikakorrean» entzuteak gaixotzen nau. Horrelakoetan, espaloian, mendi puntan, zein igogailuan, ezinegonak jota nabilela, larritasun egoeretarako kantu txukunen bat topatzea da botika eraginkor bakarra. Eta ez nahastu, edozein bide erabiliko nuke horretarako. Lapurtu, gezurra esan, iraindu, mehatxatu.... Musikaren atarramentu txarreko «junkie-a» naiz.

Baina eskerrak ez naizen bakarra. Pentsatu baino gehiago gara zabor musikaren gizartearen «hondarretan» bizirauten saiatzen garenak. Eta horietako batzuk neu baino askoz ere estremistagoak. Horien artean, Aritz. Musika zaletasuna muturreraino, gaixotzeraino, eraman duen pertsona bakanetako bat.

Ez nau harritzen gaixotzeak. Batez ere musika onaren militantea baita. Eta hori beti da gaixotasun iturri. Han hemenka, basakeriaren aurreko erresistentzia irlak eraikitzen jarduten duen musika onaren militante, langile, kasik hiperaktiboa. Berak badaki, ongi jakin ere, ez dela aski irlak sortzearekin, hori lanaren zatirik errazena izan ohi dela. Horiek elikatu, zaindu eta mantentzea, hori da lan eskerga.

Beti susmatu izan dut lan guzti hori egiteko Aritzek baduela arma sekretua; nonahikotasuna. Egun berean eta ordu berean leku ezberdinetan egoteko gaitasuna, alegia. Hori edota disko eta disko artean aurreztutako diru apurrarekin, kalitate handiko klon batzuk eskuratu ditu Interneten. Ez du beste azalpenik. Nola da posible orain hemen musika ekipoa jartzen ikustea, handik 10 minutu eta 2 kilometrora break dantzari batzuen jauziei soinu banda jartzea, eta haien trasteak jasotzen laguntzearekin batera, irratian gertatutakoa kontatzen aritzea. Kontuan hartu gabe une berean eta 4 kilometro harago ikastolako haurren jaialdirako berriro musika ekipoa muntatzen ari zen bitartean, leku jendetsu baino intimoago batean jendea dantzan jartzen hasia zela goizaldeko ordu txikiak arte.

Agian, odol hitzarmena sinatua du deabruarekin, beno, Bob Marleyrekin, eta ez du merezi burua gehiago astintzea.

Niri behintzat gustatuko litzaidake jakitea non eskuratu daitekeen musika Aritzen moduan ulertzeko gaitasuna ematen duen edabe magikoa. Litro batzuk erosiko nituzke, udaletxeetan musikaz arduratzen diren kultura dinamizatzaile gehienei txertatzeko, ea burua argitzen zaien!

(*Imajinatzen dut Aritzek ez dituela gehiegi maite, baina hauxe da idatzi hau irakurtzeko soinu banda; Belle & Sebastian - «Is It Wicked Not to Care»).

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo