Ordorikak eta Aburruzagak Kuba eta Quebec urrunetara daramatzate euskal doinuak
A. B. | BILBO
Opor sasoia bukatu eta udatiar bizimodutik egunerokotasunera bueltatu ostean, nazioarteko zuzeneko franko izaten da gurean, ohiko aretoetan. Eta, euskal musikarien artean ere, bada atzerrira jotzen duenik, euskal doinuak lau haizetara zabaltzera.
Irailean, esaterako, Ruper Ordorika Kubara abiatuko da, hiru zuzeneko jotzera: bata Habanan, irailaren 24an; Cardenasen, biharamunean; eta hirugarren eta azken kontzertua, Santa Claran irailaren 26an. Ez da oñatiarrak Karibe partean jotzen duen lehen aldia, eta honezkero lagun zaharrak eginak ditu han. Aurretik, beste hiru zuzeneko emango ditu Euskal Herrian: irailaren 12tik 17ra, Legution, Bermeon eta Oñatin bertan, etxean.
Soinu erakustaldia
Bestalde, Xabi Aburruzagak Montmagny-ko (Quebec) Carrefour Mondial de L´accordéon jaialdian astinduko du soinu txikia, irailaren 2tik 5era bitarte.
Portugaleteko trikitilariak «Denboraren naufrago» lana argitaratu zuen iaz Elkar etxean.