GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Denaren eta ez denaren gaineko hausnarketa dakar euskal taldeak

Valladoliden egiten ari diren Antzerki Jaialdi Alternatiboan parte hartuko du Kolectivo Mostrenko euskal konpainiak «Tenemos que hablar» antzezlanarekin. Umore absurduaz, euren gezurrak sinesten dituzten hiru gizonen bakardadea igoko dute oholtza gainera.

p052_f01_148x84.jpg

GARA| VALLADOLID

Azken txanpan murgilduta dago iragandako abuztuaren 15ean Urones de Castroponce herri txikian hasi zen XIV. Nazioarteko Antzerki Jaialdi Alternatiboa. Hilaren 29an ospakizunak «Rural Foc» su ikuskizunarekin itxiko ditu ateak eta bitarte horretan hainbat konpainiek euren lanak taularatuko dituzte. Horien artean, besteak beste, gaur Kolectivo Mostrenko talde arabarrak eskainiko duen «Tenemos que hablar» antzezlana -20.00etan Utillaje nabean-.

Noraezean daudela, bizitzako une garratz horietako bat igarotzen ari diren hiru gizonen bizimodua azaltzen da obran. Zulo beltz baten itxura duen gela txiki, heze eta itxian bizi da hirukotea, argi ilunez babestuta daudela. Zer diren eta zer izaten saiatzen diren islatzen dute argiek. Behin eta berriz, etengabe, nork bere buruari gezurrak errepikatu ostean sinistera heldu dira, eta jada ez dute ezezaguna zaien eta oroitzapenez josita dagoen kanpoko munduarekin harremanik.

Egongelatik beren arauak soilik hartuko dituzte aintzat, hori baita, beraien aburuz, bizikidetza eramangarria egiteko irtenbide bakarra. Umore absurduz lagunduta, «Tenemos que hablar» lanak egunerokotasuneko inkomunikazioaz hitz egiten du.

2009an Gasteizen lau euskal aktorek sortu zutenetik, konpainiaren lehen ikuskizun handi izango da honakoa. Aurretik ordea, Trapu Zaharrak, Zanguango edota Teatro Paraíso bezalako antzerki taldeetan lan egidakoak dira guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo