«Garapena da bizitzaren funtsa, eta guk eboluzionatu egin dugu lan berrian»
Asier MUSATADI
Sarkor taldeko bateria-jotzailea
Koldo OTAMENDI
2003an elkartu ziren lehenengoz, gerora Sarkor izena hartu zuen taldeko kideak. Hasieran taldekide aldaketak izan bazituzten ere, azken urteotan Remen (Gitarra), Gentza (baxua eta ahotsa), Musa (bateria) eta Zabala (gitarra) dira laukoteko kideak. Punk rock melodikoaren eremutik abiatu ziren musikan beren ibilbidea egitera, eta egun, urteak igaro badira ere, tinko eusten diote hasierako oinarriari. Urteen poderioz musika ildoa finkatu dute, eta bide horretan azken emaitza garatuz joan dira, egun, kantu zuzenagoak interpretatuz. Argitaratu berri duten «Sentimendu Gabe» (beraiek ekoitzia) lana izan daiteke azaldutako guztiaren adibiderik argiena.
Iñigo Etxebarrietaren gidaritzapean Muxikako Muxik On estudioetan grabatu dute lana, eta betiko ildoko kantuen alboan, Sarkor berri bat agertzen da: nagusiagoa, helduagoa. Urteak, eta errepideko orduek emandako esperientziak kantu berriak konposatu eta grabatzeko bidea eman dio taldeari, eta horren guztiaren emaitza da hamaika kantuz osaturiko lan berria. Gainera, laster grabatuko du taldeak lehen bideoklipa, diskoari izena ematen dion kantarena, hain zuzen ere, eta urria hasieran plazaratuko dute.
Dagoeneko sei urte bete dituzue errepidean. Bidean, dozenaka emanaldi, estudioko lau grabaketa, makina bat ordu entsegu lokalean... Zein da egun talde bezala duzuen helburua?
Talde bezala hazten joan eta guk geure kabuz Sarkor aurrera eramatea izan da gure erronka nagusia hasi ginen egunetik eta gaur arte. Esan nahi duguna adieraztea eta gizarteari helaraztea, bai diskoan eta bai zuzenekoen bitartez, hori da helburu nagusietako bat.
Gazte-gazte zinetela osatu zenuten taldea Gernikan. Orain, perspektiba apur batekin nola ikusten duzue egindako bidea?
Ez gara atzokoaz damutzen, nahiz eta gauzak beste era batera ikusten ditugun gaur egun. Musikaren zentzua aldatu da, baita taldean musika ulertzeko era ere. Adin kontuak izango dira agian... Hala ere, lehen maketa eta disko haiek gabe, egun ez ginateke berdinak izango. Azken batean, garatuz doan talde bat garela uste dugu.
Emanaldi dezente eskainitakoak zarete, batez ere gaztetxe, txosnagune eta areto txikietan. Zaila al da agertoki handietara salto egitea? Hori al da zuen helburua disko berri honekin?
Helburua lehen esan bezala, barruan daramaguna kanporatzea da: gaztetxe, areto edo edozein txosnagunetan. Argi dago agertoki handietan jotzeak badituela gauza onak, soinu aldetik dituen abantailak esaterako. Baina leku bakoitzak du bere xarma, eta guztietan egoten jarraitu nahi dugu. Kontzertuak bilatzea da gure asmoa orain, eta jakina, gurea bezalako taldeentzako ez da lan erraza. Lana larrutik egin behar delako alor honetan.
Musikalki, ildo berberari eutsi diozue lan berri honetan, betiere musikalki garatuz, baina hasierako ideiari muzin egin gabe. Bateria erritmo azkarrak, gitarra zorrotzak, ahots melodikoa... Finean, hiru hitzetan: Punk rock melodikoa.
Azken bolada honetan kanpoko musikari erreparatu diogu inoiz baino gehiago, eta eragin hauek taldean arrastoa utzi dutela argi nabari da. Hala ere, eta zuk diozun bezala, gure sustraiak ez ditugu baztertu. Gureak punk rock melodikoa izaten jarraitzen du.
Gitarrak inoiz baino gehiago zorroztu dituzue disko berrian... hor dago taldearen indar nagusia?
Taldearen indarra Sarkor bera da. Beharbada, disko honetan gitarren jokoa bereziki landuta dago eta presentzia handia du, baina musika atal guztiek dute bere garrantzia. Inoiz baino argiago izan ditugu gauzak disko berri honetan, eta emaitza sendoago eta zuzenagoa da.
Aurreko diskoan ugariak izan ziren kolaborazioak, eta honakoan berriz, lankidetzen ekarpenak badiren arren, eta inportanteak, garrantzi gehien taldeari eman diozuela dirudi.
Bai horrela da. Normalean, lankidetzak diskoari indar gehigarri bat emateko egiten direla uste dugu, edo taldeari nolabaiteko ilusioa egiten diolako beste musikarien parte-hartzeak. Kasu honetan, ez gara horren premian izan, eta egia esan nahiko argi izan dugu zer lortu nahi genuen: disko zuzena eta geure-geurea. Hala ere, kolaborazioak izan dira, eta garrantzia izan dute: lehen kantako sarreran El_Txef_a-k sartu dituen soinu elektronikoak, Haimarrek (Gatibu) sartutako gitarrak, Uoho-ren (Extremoduro) teklatuak edo Galder Urzaak idatzitako letrak. Guztion batuketak disko biribila ahalbidetu du.
Hitzetan izan duzuen garapena ere argia da. Letrak egiteko orduan nagusitu egin zaretela dirudi. Aurreko lanetako hitz festazale eta dibertigarriek tokia galdu dute lan honetan, eta gai serioagoak irabazi.
Horrela atera dira gauzak, azkenaldiko bizipenek honetara bultzatu gaituzte eta hauek azaltzeko era ere zeharo aldatu da. Aurrekoetan ere gai serioak baziren arren, musikak desberdin transmititzen zituen gauzak. «Sentimendu gabe» diskoan, musika eta hitzak eskutik doaz. Guk behintzat hori uste dugu.
Jendarteari kritikak gai nagusi izaten jarraitzen badu ere, beste era batera azaltzen dituzue gauzak orain.
Garapena da bizitzaren funtsa, eta guk ere eboluzionatu egin dugu. Berez datorren zerbait da hau, bila joan gabe ere, badatorrena.
Grabaketa Iñigo Etxebarrietarekin egin duzue berriro ere. Taldea ongi ezagutzen duen teknikaria da Iñigo, eta duzuen onena ateratzen jakin du beste behin.
Bai, berarekin grabatzea egin dezakegun onena da. Aurreko bi lanetan ere, hori erakutsi digu, berezkoa duen profesionaltasunarekin. Teknikari ona dela argi dago. Ekoizle hobea dela esan genezake. Ondo ezagutzen dugu, eta berak gu ere ondo ezagutzen gaitu. Taldearen garapenaren parte izan da bera. Horrela lan egitea luxu bat da.
Taldea: Sarkor.
Diskoa: «Sentimendu gabe».
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Iraupena: 35 minutu.
Sarean: www.sarkor.net.
«Bidean egindakoaz ez gara damutzen, gaur egun gauzak beste era batera ikusi arren. Gure musikaren zentzua aldatu da, baita musika ulertzeko era ere»
«Beharbada disko berri honetan gitarren jokoa bereziki landuta dago eta presentzia handia du, baina musika atal guztiek dute bere garrantzia»
Sarkor taldeak 2003an eman zion hasiera musika bidaiari. Lehen urteetan, musika sortu ahal izateko arazo franko izan zituzten, nagusietariko bat, entsegu lokalik ez izatea. Alta, ez ziren gora begira geratu eta arazo bera zuten Gernikako beste musika taldeekin batera Iparragirre Rock elkartea sortu zuten autogestioaren bidetik lokalak sortuz. Gernikan ez ezik, elkartearen ekimena eredugarria izan da Euskal Herria osoan.
Horrela, lekuaren arazoa gaindituta, kantuak erraz sortu ziren eta 2004an iritsi ziren lehen maketa eta lehen emanaldiak. «Oingoan bai» (MusikHerria) maketa bi urte geroago heldu zen sortze prozesu etengabean. Jada, talde izaera nabaria zen laukoan, eta gaztetasunaren indarrarekin batera musikalki tresnak menderatzen hasiak ziren. Handik bi urtera, iraupen luzeko lehen lana kaleratu zuten gernikarrek: «Su Emoten!». Ordurako kontzertu agendetan tokia egina zuen Sarkor taldeak eta emanaldiak ere ugariak izan ziren.
«Sentimendu gabe» diskoa da estudioko azken emaitza. Kantuetan heldutasuna nabaria da, baita musika bizi eta ulertzeko beste norabide bat ere, beste pauso bat emanez taldearen bidean. Orain, zuzenekoetan defendatu beharko dute estudioan egindako lana. Koldo OTAMENDI