GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gizartean dabilen eztabaida Parlamentura iritsi da, eztabaida gustuko ez dutenak gorabehera

Zezenketen gaineko eztabaida abian zegoen euskal gizartean. Ez da inongo sekretua haien aurkako jarrera oso hedatuta dagoela, ezta Euskal Herriko zenbait lekutan sostengu handia duela ere. Orain Gasteizko Parlamentura iritsi da, Ezker Batuaren eskutik, batzuen gustuko eztabaida ez den arren. Izan ere, horiek ezer aldatzearen kontra ez ezik, eztabaidaren beraren kontra ere agertzen dira, zer eztabaidatu behar den eta zer ez erabakitzeko eskubidea balute bezala. Eta, gainera, zezenketen aurkakoei argudio «faltsuak» erabiltzea leporatzen diete, beren jarreraren atzean identitate kontuak daudela esanez -hori ere zilegi ez balitz bezala-. Bitxia da, ordea, akusazio hori egiten dutenen argudioak, eta beren jarrera, identitateari lotuak izatea. Antza denez, besteren ahotan itsusiak diren kontzeptuak arrazionaltasunaren mukurua dira eurek erabilita. Horren adibide dira Rodolfo Ares eta Yolanda Barcina, edo Patxi Lopez Euskal Herriko hiru herrialdetako «euskaldun guztien» lehendakaria, espainiar prentsak ole ikusgarri batez txalotzen duena «euskaldun guztien» sentsibilitatea zezen-plazan ordezkatzeagatik. Hori guztia «askatasunaren» izenean, jakina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo