Andoni Olariaga Filosofian lizentziaduna
Erlatibismoa versus Teologia(k)
Marx eta Engelsen Manifestu Komunistaren hasiera bertsuarekin abiatu du Olariagak bere artikulua, Europan zehar dabilen mamua hizpide. Hala ere, oraingoan mamu hori, komunismoaren ordez, erlatibismoa da. Analogia hori plazaratzen du «teologien» erasoak (nola kristau Elizarenak hala estatu edo boterearen «elizarenak») gaitz guztien erantzule gisa mintzatzen baitira erlatibismoaz, komunismoan ikusi zuten arriskuaren pare jarrita. Horren adibide ugari agertu ostean, egileari, Marxen kontsignari jarraituz, munduko erlatibistak elkartu beharra aldarrikatzea baino ez zaio geratzen.
Mamu bat dabil Europan zehar: erlatibismoaren mamua. Eta Europa zaharreko potentzia guztiak Aliantza Santuan bildu dira mamu horri erasotzeko: Aita Santua eta Bush, Sarkozy eta Mayor Oreja, frantses neomarxistak eta Espainiar polizia. Oposizioko zein pentsalari ez dute inoiz bere botere-lehiakideek erlatibistatzat salatu? Eta bestalde, oposizioko zein pentsalarik ez die bere eskuineko zein ezkerreko aurkariei erlatibista izateko etiketa iraingarria aurpegiratu? Gertaera horretatik irakaspen bikoitza ateratzen da: 1) Erlatibismoa, honezkero, Europako potentzia guztiek potentziatzat aitortzen dute. 2) Bada sasoia erlatibistek, mundu guztiaren aurrean, beren ikuspegiak, beren helburuak eta beren joerak erakuts ditzaten (...) Orain arteko gizarte osoaren historia erlatibismoaren eta dogmatismoaren arteko borrokaren historia besterik ez da izan.
Gaur egunean Marxek horrelako zerbait idatz zezakeela pentsa genezake, komunismoaren ordez erlatibismoa jarriz. Izan ere, ikus daitekeenez, Potentzia guztiak erlatibismoaren kontra Aliantza Santuan bildu direla nabaria da. Marxek esan bezala, Aita Santutik beretik hasita, Espainiako Erreinuko azken Gotzaineraino. Ikus dezagun: «El relativismo, es decir, el dejarse llevar por cualquier viento de doctrina, aparece como el único atisbo que parece imperar en los tiempos actuales. Se va constituyendo en la actualidad, una dictadura del relativismo que no conoce nada como definitivo y que deja como única medida sólo el propio yo y la propia voluntad» (Homilía del Decano del Colegio Cardenalicio. 2005. Benedicto XVI. Joseph Ratzinger). Toledoko Gotzainak bi urte geroago ildo beretik egin zituen adierazpenok: «Estamos inmersos en un haz de contradicciones, y en un mar de confusiones, en un puro relativismo que carcome y destruye la sociedad. (...) El relativismo es destructor, y ni el hombre, ni la sociedad tienen futuro si lo siguen. Tampoco la democracia puede asentarse sobre el relativismo, que no tiene base alguna. El relativismo lleva la destrucción de la democracia y genera violencia y totalitarismo: el de la dictadura del mismo relativismo. ¡Estamos por la vida, pero no por el relativismo!» (A. Cañizares. 2007ko Martxoa). Aurten, Donostiako gotzain J. I. Munilla ere horrela mintzo zen, Ratzingerri arrazoia emanez: «El modelo de San Ignacio es verdaderamente necesario (...) para que no sucumbamos a la tentación del relativismo reinante y de nuestra propia subjetividad» (J. I. Munilla, Donostiako gotzaina. 2010ko Uztailaren 31an).
Kristau Elizatik estatu-elizara jauzi eginez, eta zehazkiago, haren kudeatzaileetara, erlatibismoaren kontrako ildo beretik doaz hauen adierazpenak. Adibidez, AEBetako presidente ohia den George Bushek 2008an Aita Santuari ongietorria egiteko diskurtsoan Ratzingerren erlatibismoaren kontrako gurutzada txalotu, eta gogorarazi zuen «AEBetako eskoletan fedea erakusten» dela eta «presente izaten dute gizaki bakoitzean lege moral bat existitzen» dela. 2007an, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, erlatibismoaren kontra ere, gogorarazi zigun «68ko maiatzeko erreboltak ondorio katastrofikoak ekarri zituen»; izan ere, matxinadak «ongiaren eta gaizkiaren arteko hierarkiak apurtu zituen». Sarkozyren ustez, beraz, 68ko errebolta hark «erlatibismo moral eta intelektuala utzi zuen oinordetzan». Sarkozyk berak balioen erlatibismoaren kontra ijitoak eta etorkinak kanporatu, eta burka debekatu du orain. Izan ere, balioak ez dira erlatiboak, tradizioak bezala, eta beraz, balio unibertsaletara (frantsesetara, alegia, kasu honetan) makurtu behar gara. Espainiar Erreinuan ere, Mariano Rajoyren ustez, Zapateroren «proiektu erlatibista» bere politikaren bi zutabeetan oinarritzen da: «abortoaren erregulazioa eta Kataluniako Estatutua, zeinak txanpon beraren aurpegiak diren. Lehenak, bizitza eskubidea erlatibizatu nahi du, eta bigarrenak, nazioaren ikuspegia»
Eliza horren (boterearen) teologoak ere argi mintzo dira. Argentinatik, baga: «El relativismo cultural, la primacía de lo particular sobre lo universal, daban razones filosóficas a los nacionalismos, los fundamentalismos, los populismos, los primitivismos, las distintas formas de antioccidentalismo, el orientalismo, la negritud, el indianismo». (Sebrelli, «El asedio a la modernidad. Crítica del relativismo cultural»). Espainiar Erreinutik, biga: «El relativismo cultural se relaciona con el fetichismo de la identidad cultural, el ataque al progreso, el gusto por el primitivismo y el retorno a los orígenes, el mito del espíritu nacional, el nacionalismo, los indigenismos y la imposibilidad de una ética universal». (J. A. Marina, «La lucha por la dignidad»). Eta gure herrian bertan, oposizioari erlatibistaren etiketa jarriz Marxek esan bezala, higa: «Bada garaia giza eskubideen defentsa absolutua egiteko, eta batzuek zein besteek giza eskubideei dagokienez duten erlatibismoa gainditzeko». (2004-03-03, GARA. Aralar-Zutik hautagaien prentsaurrekoa).
Eliza instituzionaletik ideologikora jauzi eginez, beste teologia mota batekin egiten dugu topo. Marxista batzuek egiten duten kritika da hau: erlatibismoa burgesiaren eta sistemaren ideologia da. Aurrekoa irakurrita, ordea, zaila egiten zaigu dogma honetan sinestea. Dena den, Alain Badiou marrokiarrak, adibidez, erlatibismo filosofikoaren kontra borrokatu behar dela diosku, eta erlatibismoaren ordez, egiak postulatu behar direla azpimarratzen du. Besteak beste, egia eta unibertsalismoa kontzeptuak daude bere pentsamenduaren oinarrian, eszeptizismoari eta erlatibismoari kontrajarriak. Zergatik daude egia eta erlatibismoa kontrajarriak? «Es por una verdadera perversión (...) que se ha creído poder adosar una `ética' al relativismo cultural. Puesto que es pretender que un simple estado contingente de las cosas pueda ser el fundamento de una ley. Sólo hay ética de las verdades». («Ensayo sobre la conciencia del mal»).
Zer dute, beraz, aipatutako teologo guztiek erlatibismoaren kontra? Zein da, azken finean, arazoa: cliché izugarri txarra bihurtu den erlatibismoa bera edo gure balioen, ideien, eta tradizioen azkeneko balioa erlatiboa dela ezin onartu dezakegula? Esanak esan, erlatibismoaren kontrako jarrera horiek ikusita, Marxen bidetik jarraituz zera oihukatzea besterik ez zaigu geratzen: «herrialde guztietako erlatibistok, elkartu zaitezte!».