Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Arrazoia duzu lagun, zoratuta daude
Urduri heldu nintzen larunbatean Bilbora, artega, aspaldian ez bezala. Atxurin autobusetik jaitsi eta erritmo onean abiatu ginen ibaiertzetik txosnagunera. Hor egongo al zinen, hori nire zalantza, nire kezka. Heldu ginen, azkenean, eta bai, hor zeunden. Beti bezain handi, beti bezain alai, beti bezain... zu zeu.
Arriagaren atzealdean ikusi zintudan, parrandazale guztiak jagoten, adi, baina, zergatik ukatu, jai giro betean. Lasaitu ederra hartu nuen zu han ikustean. Handitasunaren handitasunean, eguzkirik gabeko itzala egiten, bibotea inoiz baino bihurriago, eta bihotza, gorri-gorria. Jantzi berrituekin, hori bai, baina zure estilo paregabetik aldendu gabe.
Ez nuen denbora asko behar izan gure laguna ere hor inguruan topatzeko. Moko luzeko txori tematia, horma beltz guztiak eraitsi behar direla-eta, bata zein bestea zirikatzen ikusi nuen, txosnatik txosnara. Lagun asko eta asko falta zaizkigu eta, ez dut uste denak jaietan bueltan izan arte nekatuko denik.
Banekien hiriko sheriffak zigortu zintuztela. Zuek biak gorroto zaituztelako, eta, zuen aurpegian, jaietako kide eta lagunak kolpatu nahi zituelako. Abisua eman nahi zielako. Baina susmoa nuen, ezagutzen zaituztedalako, zigorrak zigor, betoak beto, ez zeniotela Marijaiari huts egingo. Berari, eta Bilbo eta Euskal Herri aske eta euskalduna amets dugun guztioi.
Alaitsu eta kementsua izan zara, gazte eta errebelde zara, eta hori jasangaitza zaie hango eta hemengo agintariei. Eredu zarelako elastiko gorria harrotasunez jantzi duten milaka gazteentzat. Zer esan gure lagun hegaldunaz eta bere hego azpian hazitako milaka lagunez. Kartzelak botatzea dute xede, eta hori ere ez dute gustuko mundua kartzela egin nahi duten horiek.
Gurekin zaudete, urtero bezala, traba guztien gainetik, eta segur aski horregatik, inpotentziak bultzatuta, debeku berriak ezarri dituzte aste honetan, eta beren mamu beltzak bidali dituzte herritarrak kolpatzera. Agian, modu horretan elkartasuna moztuko dutelakoan, edo gazte berriak loratzea eragotziko dutelakoan. Arrazoia duzu, espainol hauek zoratuta daude!