GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Bollywood-eko dantza ikastaroa

Eguneroko kezkak baztertzeko baliagarria den «bizi estiloa»

Bollywood, Indiako industria zinematografikoak ospetsu bilakatu dituen dantzak ikasteko parada izan da Gasteizen, Sunny eta Suresh Singh anaien eskutik. Dantza tradizionalak eta joera modernoak batzen dituzte.

p013_f02_199x100.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA

«Bollywood-eko dantzak beharrezkoak ditugu», azaltzen du Suresh Singh-ek. Bere anaiarekin batera, Sunny-rekin, Gasteizera iritsi da Bollywood-eko dantzen gaineko ikastaroa emateko. Landatxo kiroldegira iritsi diren berrogei bat lagunek lekua hartu dute, eta beroketak egiten hasi dira. Singh anaietako bat luzatze-ariketak gidatzen ari den bitartean, bestea, banan-banan, kazetarien galdereei irribarretsu erantzuten ari da.

«Eguneroko kezkak alboratzen laguntzen gaituen bizi estilo alai eta dibertigarri bat» esanez azaltzen du Suresh Singh-ek dantza hori beraientzat zer den, eta egunero hortzak garbitzearekin alderatzen du, hain da dantza hori garrantzitsu eta beharrezkoa beren bizitzan. Halaxe definitzen dituzte Bollywood Indiako industria zinematografikoari esker ospea hartzen ari diren dantzak.

Bollywood-eko dantzen lehendabiziko araua aurpegian irribarrea zabaltzea dela dio Sunny-k aurreneko pausoak erakusten dituen bitartean. Bigarren zein hirugarren arauak ere barre egitea dela gaineratzen du. Esandakoari men eginez, atzo dantza ikasteko prest ziren gasteiztarrek primeran igaro zuten ia pare bat orduz.

Dantzatzeko estiloari dagokionez, Indiako dantza klasiko eta tradizionalak hartu eta jazz edota pop-aren joera modernoekin uztartzen dituzte Munbai-ko bi anaiek. «Ez dauka adinik» eta nahi duen guztiak dantzatu daitekeela dio Suresh Singh dantzariak. «Ez da batere teknikoa», horregatik, dantza saioan sortzen den giroa ikustean, hurbiltzen den jendeari altxatzeko eta gerria astintzeko gogoa egiten zaiola onartzen du adituak, «dantzatzen ez dakienari ere bai».

Indiako istorioak

Indiako kultura gurean ezagutarazteko antolatutako jardunaldien harira egin zuten atzo Bollywood-eko dantza klasea. Egitarauaren arabera, Plaza Berrian egitekoa bazen ere, iragarritako bero sapa medio, antolatzaileek lekuz aldatu zuten ikastaroa, Landatxo kiroldegira.

Beste kultura batzuetara hurbiltzea xede duten jardunaldi hauen baitan hainbat ekimen antolatu ditu Gasteizko Udalak. Abuztuaren 29a bitartean, adibidez, Indiako nekazaritza giroa ezagutarazteko argazki erakusketa izango da Hiria Gunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo